Baditut azaroko honi heltzeko bi aukera: bonbardaketa informatiboari jarraitu ala urtaro aldaketaren onurei buruz aritu. Laster intentsoagoa bilakatuko den matraka elektoralari izkin egin edo egin erreferentzia hautetsontziekin dugun zitari. Ederra litzateke zutabe poetikoago bat, polarizazioak hartuak gauzkan egunon aringarri. Baina eskatzen dit gorputzak idatz dezadan Madril aldeko anbiente ezkorrari buruz. Etxebizitzaren aferak piztutako sugarra baliatu ei du presidenteak bozak deitzeko.
Eskuliburu erresistentziazkoari orririk gelditzen al zaion. Horixe frogatuko da hilaren amaieran. Halakoa da hauteskunde hauen markoa: dagoena ala datorrena. Sanchez bere ezkerrera dagoena xurgatzearekin gustura, galduta ere bipartidismoaren sendotzearekin ez baita kexatuko. Feijoo beldurrez, irabazita ere, zenbat baldintzatuko bere eskubiragokoek. Ertzak tiraka, zentralistatik ugari izango duen zitan. Geuretik nola jardun horren eszenatoki madrildarrean? Puigdemonten itzulera ere instrumentalizatu nahi. Badirudi ikusiko dituela hosto belgikarrak erortzen. Ea zer kolore hartzen duen gurean udazkenak.