Aste honetako futbol partidak

Asteburu luzea dugu aurretik, eta gure mutilek ohi baino lehenago hasiko dute asteburua. Izan ere, jubenil mutilek gaur, ostirala, izango dute Zestoaren aurkako partida; Iraetan jokatuko dute 18:30ean hasita. Pasa den asteko berdinketaren ondoren, puntu gosez daude taldekideak. 

Preferenteko taldeak partida garrantzitsu eta berezia izango du bihar, larunbata; izan ere, Lagun Onak izango du aurkari. Partida 15:30ean jokatuko dute Garmendipeko zelai artifizialean, eta herritar oro gonbidatu nahi dugu bi talde horien arteko partida ikustera. Ea Alkortaren mutilek lan txukuna egin eta hiru puntuak eskuratzeko aukera duten.

Erregional mailako mutilek ere Garmendipen jokatuko dute bihar goizean. Anaitasuna izango dute aurkari Daniren eta Iñakiren mutilek. Partida zaila izango da, baina ahaleginak egingo dituzte punturen bat edo beste lortzeko.

Kadete A taldekoek ere Zestoaren aurka jokatuko dute. Horiek, ordea, bihar goizean izango dute neurketa, 10:00etan hasita, Garmendipen. Lehengo astean irabazi ondoren, bigarren garaipena jarraian eskuratzera aterako dira berdegunera.

Kadete B mutilek, aldiz, etxetik kanpo jokatuko dute bihar arratsaldean; hain zuzen ere, Ezozian ariko dira, Soraluze taldearen kontra. Infantil mutilek ere Zestoaren aurka jokatuko dute bihar goizean, 09:00etatik aurrera, Iraetan. Ea zer moduzko partida egiten duten.

#AupaIkas

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide