Goi mailako pilota partidak hartuko ditu aste honetan Azpeitiko Izarraitz pilotalekuak. Bertan, herriko bi pilotari arituko dira, Jon eta Unai Alberdi, hain zuzen ere.
Lehendabizi, anaia zaharrak, Jonek, buruz buruko Promozio txapelketako aurre-kanporaketa jokatuko du. Arteaga izango du aurkari, eta irabazleak txapelketan sartzea lortuko du. Bigarren partidan arituko da Unai, anaia gaztea, eta maila handiko arerioak izango ditu. Mariezkurrenarekin osatuko du bikotea azpeitiarrak, Peña eta Arangurenen kontra jokatzeko. Partida hori lagunartekoa izango da.
Pilota jaialdia 22:00etan hasiko da, baina aurretik ere giroa izango da kalean. Izan ere, trikitilariek kalejira egingo dute Alde Zaharreko kaleetan, jendea pilotalekura joatera animatu nahian. Pilotalekuan bertan ere triktilariek jarraipena emango diote festari, partiden aurretik eta atseden uneetan giroa alaituz. Aldi berean, Izarraitzeko tabernan pintxo poteoa eskainiko da.
Hau guztia gazte jendea pilota ikustera erakartzeko asmoz antolatu du Baikok, jaialdiaren antolatzaileak. Gainera, sarrerak ere ohiko preziotatik behera jarri nahi izan dituzte, 20 eurotan kantxako sarrerak, eta 15 eurotan goiko palkokoak. Sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke, lotura honetan.
Partidak baino lehen, 20:00etatik aurrera, zabalduko da pilotalekuko txarteldegia.