Gaur, bihar eta etzi Gipuzkoako Kluben Arteko Txapelketako eta Errendimendu Txapelketako hainbat pilota partida izango dira Izarraitz pilotalekuan eta Frontoi Txikian.
Gaur, osteguna, esaterako, bi norgehiagoka jokatuko dituzte pilotariek Izarraitz frontoian: 20:30ean, kadeteen mailako partida jokatuko dute Ilunpeko Revueltak eta Ataungo Lopezek. Gero, 21:30ean, nagusien mailako neurketa izango da, eta Ilunpe eta EPLE 2 izango dira parez pare.
Ostiralean herriko bi pilotalekutan izango dira partidak. 18:30ean hasita, Ilunpeko kadeteen eta jubenilen partidez gozatu ahal izango dute herritarrek Izarraitzen; eta 19:00etatik aurrera, berriz, kadeteen mailako hiru partida jokatuko dituzte Ilunpeko kideek.
Zapatuan, berriz, Izarraitzen izango dira neurketak, 16:00etan hasita. Kadeteen, jubenilen nahiz nagusien mailako lehiak izango dira, eta Ilunpeko kideek jokatuko dituzte horiek. Hain zuzen ere, Gaztelekuko, Hernaniko, LAPKEko eta EPLeko pilotariak izango dituzte azpeitiarrek aurrez aurre.