Ilunpe pilota elkarteko pilotariek eskuz banakako Gipuzkoako Lau eta Erdiko Txapelketaren partidak jokatuko dituzte datozen egunetan, eta horietako sei Azpeitian jokatuko dituzte, ostegunean, ostiralean eta larunbatean banatuta.
Bihar, osteguna, Zazpi Iturriko Gorostidirekin neurtuko ditu indarrak Labakak Frontoi Txikian, jubenil mailako lehian, 18:30ean.
Ostiralean, hiru partida ikusteko aukera izango da Izarraitz pilotalekuan, 18:30etik aurrera. Lehen partida kadete mailakoa izango da, eta Ilunpeko Azkuek Intxurreko Madinaren aurka jokatuko du. Jubenil mailako pilotariak lehiatuko dira bihar beste bi partidetan: Ilunpeko Odriozola Soraluzeko Ibarraren kontra ariko da lehendabizikoan, eta Bidezabalek Zazpi Iturriko Gorostidi izango du aurrez aurre arratsaldeko azken neurketan.
Zapatuan ere Izarraitz pilotalekuan jokatuko dituzte lau eta erdiaren barruko partidak, 16:00etan hasita. Kadete mailan, Ilunpeko Azpiazuk eta Sarasuak elkarren kontra jokatuko dute. Jubenil mailako partida izango da arratsaldeko bigarrena eta azkena, Ilunpeko Ezamaren eta Lapkeko Izagirreren artekoa.