Hitzaldira proiektuaren berri izateko asmoarekin joan nintzen. Ez nuen (dut) ez aldeko ez kontrako jarrerarik proiektuaren inguruan. Han gustatu ez zitzaidana ikus-entzule batzuen (edo dezenteren) jarrera izan zen, alkatea, Labaka zinegotzia zein Norvegiako enpresako ordezkariak moztuz, oihuka, errespetu gutxi erakutsiz.
Piasperen inguruan iritzi jakin bat duten askok herriko kaleetako paretak pintatu dituzte hainbat mezurekin eta adierazpenekin. EH Bildu = EAJ. EH Bildu diruzale (eskerrak orain dela urte gutxi batzuk arte PNV zen diruzale bakarra gure herrian). Bi alderdi horiek "ekoterroristak" direla. Mikel Otero kanpora edo Otegi eta Otero gezurretero. Hori guztia bost haize errotaren alde egoteagatik.
Motzean, nire iritzi edo ideia berak ez badituzu, asmo ustelak dituzu, herritarren eta herriaren ongizatea zapaltzea ez zaizu axola, horren gainetik dirua irabaztea gustuko duzulako, herrian ez zara ongietorria eta ez zaitugu nahi bertan (pintadetan ikusi bezala). Zure argumentuak ulertzen, debate bat izaten eta akordio batera iristen ez naiz saiatuko. Askoz errazagoa da 'aurkari' politikoa horrela deskalifikatzea. Oso demokratikoa.
Ez oker hartu, errespetuzko protesta guztiak dira zilegizkoak. Aniztasuna gauza jakin batzuetarako asko gustatzen zaie batzuei; beste gauza batzuetarako ez hainbeste.
Debate energetikoa
Ez dugu nuklearrik nahi, ez dugu gas esploraziorik nahi, ez dugu petroliorik nahi, ez eta haize errotarik edo eguzki plakarik. Zerbait egitekotan, jakina, etxetik gero eta urrutiago hobe. Hori bai, gero kexu gara gure etxeetako eta industria tailerretako argindar fakturak ikustean, eta nola ez, enpresaren bat (bai handiak, bai txikiak) ixtean (energia faktura ikaragarriengatik) kexu gara.
Politikoek omen dute guzti honen errua. Kasu honetan, herria ordezkatzen ez duten elite maltzur batzuena gainera. Guk, herritarrok, ez dugu zerikusirik gure herrian azkenengo hamabost urteetan energia arloan hartu diren erabakiekin eta politikekin, ez baititugu hauteskundeetan egitasmo horiek bultzatu eta gure botoen bidez babestu, urtea joan eta urtea etorri. Guk hartu eta babestu ditugun erabakiek eta politikek ondorioak dituzte, eta gu orain erabaki berde, ekologista
eta jasangarri horien ondorioak pairatzen ari gara.
Energia krisiari eta dependentziari ez zaie bost haize errota eraikita aurre egiten, ezta utopia ekologista, hippy eta berde batekin amestuz ere, fundamentuzko politika energetiko serioekin baizik. Nuklearrak, energia fosilak eta energia berriztagarriak sustatuz; lehenengo biak, batik bat. Neguan kalefakzioa pizteko (nahikoa diru edukiko al dugun beldurrik gabe) eta kotxeari gasolina nahikoa lasai botatzeko, ur beroarekin dutxatu ahal izateko, gutxien duenari laguntzeko, gure tailerretan lana eta lanpostu duinak eta hobeak izaten jarraitzeko, saihesgarriak diren kostu altuengatik gure tailerrak ez ixteko, gure sendagaiak eta janaria bertan ekoizteko eta herrialde ez demokratikoen menpe ez egoteko. Hori ez da kapitalismo edo sozialismo kontua, seriotasun, justizia sozial eta herrialde ikuspegi kontua baizik.
Nik ez dut esango Piaspe baietz edo ezetz, baina argi dagoena da gure politika energetikoari (beste gauza batzuen artean) 180 graduko bira eman behar diogula. Euskaldunoi burujabetza eta independentzia hitzak asko gustatzen zaizkigu. Politika arloan burujabetza. Elikadura arloan burujabetza. Kirol arloan burujabetza. Kulturan burujabetza. Energia arloan zergatik ez?