Lasaña
Duela egun batzu afari bat izan nuen. Soziedade batean. Zazpi lagun ginen bertan, sei mutil eta ia sei hilabeteko haurdunaldian dagoen neska. Afaltzeko zer? Lasaña. Ez dakienarentzat, lasañak (guk jan genuenak behintzat) zer osagai zituen azaltzen saiatuko naiz. Saiatu esan dut. Ez baita erraza izango plater osoa betetzen zuen tarta itxurako masa pisutsu hark zer osagai zituen gogoratzea.
Izan ere, pasta osagai printzipaltzat hartuta, gazta, tomatea, berenjena, azenarioa, azeitunak, tipula...
Kontua da, beti bezala, bat eta bestea, hitz eta pitz, azkenean hamarrak iritsi zitzaizkigula afaltzen hasterako. Ordu horretarako, gosea nagusi zen lagunen artean. Baina masa puska hura platerean ikusi orduko ikusi nuen lanak izango nituela hura amaitzeko. Laster hasi ziren gure arteko adarjotzeak:
-Hau janezkeo, etzeok biyer bazkalduberrik !!!!-batek
-Ez moteil, honek aste osoako energiye emangoik errez!!!-besteak
-Ardo pixket berkoiau, hau dana tragatzeko!!!-hirugarrenak
-Ezetz biyer inok diarreaik ein -azkenak
Egia esan behar bada, oso goxoa zegoen Lasaña. Baina ez da digestiorako munduan dagoen janaririk hoberena. Erdia jaterako, sei hilabeteko haurdunaldian dagoen emakume bat bezala sentitzen hasten zara. Eta gurekin zegoen neskarekin identifikatuta. Zeharo. Sabeleko pisuari, likido falta gehitu behar zaio eta ia ohartzerako, ardoa eskatzen ari zaizu gorputza.
Mahaiko batek, masa nahikoa ez nonbait eta, ogi zati bat sartzen zuen lasaña pusketa bakoitzeko. Bejondeiola!!!
Minutu gutxiren buruan hasi ziren lehenengo kexa eta desesperazio keinuak. Batzuk praketako botoiak askatzen, besteak ardo gehiago eskatzen, hurrengoa tripari eusten...
Nik, lasai jateko ohitura daukat, eta amaitu baino lehen, geldialditxo bat egin nahi izan nuen. Lagun gehienek ordurako lasaña amaituta zuten eta nire geldialditxoa errendizio bat zelakoan edo, laister hasi ziren, erasoka:
-Hi, Iñi, hori eztepa hor lagako ez...-batek
-Gizona-gizona danak, platerekue bukau einberdik ehhh!!!-bestiek
-Eiba ardo geiyo moteil...-hirugarrenak
Horrelakoak entzunda, segi egin behar. Gainera, euskaldunok hain barruan sartua dugun apostu zaletasun hori atera zitzaidan. Mekaguen... hauek bukau ta nik ez!!! Tripako kexak ahaztu eta aurrera jarraitu nuen. Baina ez luzaroan. Halako batean, haurdun zegoen neska etorri eta kalte egingo zidala esan zidan. Orduan, bere sei hilabeteko tripari begiratu eta daukadan neurona bakarrari kasu eginez, arrazoi eman nion. Eskerrak horri. Eskerrak mahaian zegoen neska bakarrari. Eskerrak, naturak bere azkarrean, emakumeei ematen dien haurrak munduratzeko ardura. Gizonengatik izan balitz...