Konpetentzia
Aurreko batean eztabaida txiki bat izan genuen etxean konpetentziak gizarteari ekar diezazkiokeen kalteei eta onuren gainean. Ona da konpententzia? Eta ona bada, ze neurriraino?
Kirola har dezagun adibide bezala. Pentsa dezagun 10 urteko umeek osatutako futbol talde bat entrenatzen dugula. Taldean 14 ume daude eta futbolean hasieratik 11k jokatzen dutela jakinda, 3 umek partiduaren hasiera aulkitxotik ikusi beharko dute. Eta pentsa dezagun orain 3 ume hauek hasierako 11 hoiek baino maila bajuxeagoa dutela. Bukatzeko imajina dezagun partidua amaitzeko minutu gutxi falta direla eta markagailuak banako berdinketa erakusten duela.
Zer egin behar dugu kasu honetan entrenatzaile moduan:
1- Aulkitxoan dauden 3 umeak atera ( 10 urteko umeak direla kontuan izanda, denek jokatu beharko luketela iritzita ) besteak baino maila bajuxeagoa dutenak direla kontuan izanda. Hori bai, honek partida galtzeko arriskuak handitzen dituela onartu behar dugu.
2- Partida jokatzen ari diren 11 horiek zelaian utzi ( eta honekin teorian partida irabazteko ditugun aukera handiagoei heutsi. )
Hau da, emaitzari garrantzia gehiago eman ( umeei txiki-txikitatik konpetitu eta irabaztearen beharra ikasgai emanda, bizitzan gerora ere beharko duten ikasgaia ) edo ondo pasatzea eta denbora pasa bezala gehiago hartu ( hau ere ez da ikasgai txarra ).
Horrelako eztabaida bat izan genuen etxean. Neu ere izan nintzen saskibaloi entrenatzaile duela urte batzuk eta horrelako egoeretan suertatu nintzen behin baina gehiagotan. Ez pentsa erabaki finko bat hartzea hain erraza denik. Alde batetik irabaztearen arra senti dezakezu barru-barruan baina bestetik ume horiekin erantzukizun bat daukazu. Zer egin? Hau gutxi balitz, umeek ere irabazteko gogo bizia izaten dute eta sarritan erabaki oker bat hartzera bultzatzen zaituzte.
Kirol guztietan aurki daitezke adibide berdintsuak, baina ez dut uste kirolari lotutako gai bat bakarrik denik. Bizitzak aurrera egin ahala, izango gara antzeko egoeren aurrean beste esparru batzuetan ere, Eta baliteke, orduan, eman diguten edukazioaren araberako erabakia hartzea.