Ustekabeko sorpresa
Zuen belarrietara iritsiko zen honezkero duela pare bat aste Zumaian gertatu zena. Bertako herritar bati 10 milioi euroko saria tokatu zaiola. Hori bai pagotxa. Ustekabean, 1600 milioi pezeta baino gehiago esku artean. Denoi bururatu zaigu noizbait zer egingo genukeen horrelako dirutza izan ezkero. Normalean pertsona batek izan ohi dituen eta lortu ezin dituen ametsak behingoz betetzeko aukera paregabea izan daiteke.
Errepidea jango duen auto zoragarri bat erosi, munduari bira emango dion bidaia batekin kultura desberdinak ezagutu, nahi duzun lekuan etxe bat erosi ( bankuei krediturik eskatu gabe; gaur egun ia ezinezkoa dena ), itsasoaren infinitua neurtuko duen yate handi bat lortu...
Baina orain ikus ditzagun gauzak beste ikuspuntu batetik. 10 milioi euro suertatu zaizkizu. Ordu gutxiren buruan, banketxe desberdinak etxera deika dituzu. Batek ez dakit zer agintzen dizu, besteak ez dakit zer interes mota, hurrengoak beste inork emango ez dizkizun kondizio sinestezinak. Hau gutxi ez balitz, azken urteetan arrastoa galduta zenuen ahaide batek deitzen dizu. Zorionak eman eta gero, arazo ekonomiko batzuk dituela aipatzen dizu, eta zera... gehiegi eskatzea ez bada... milioi bat edo beste emateko aukerarik ba ote dagoen... itzuliko dizula denborarekin. Edo agian ez, ze horrenbeste milioi izan eta familiako bati dirua itzultzeko eskatzea ere...
Gaua iristen da. Ohera sartu eta kalkuluak ateratzen hasten zara. Nire anaiak behar dizkik milioi batzuk, nire lehengusuak ere eskertuko likek zerbait, beste lagun hura ez zebilek ekonomikoki oso ondo
Hurrengo egunean behartsuenekin pentsatzea tokatzen zaizu. Zenbat milioi eman behar dira Bolivian eskola bat egiten laguntzeko? Edo Indian ur putzu pila bat baliagarri bihurtzeko? Edo Mauritanian hospitale txiki bat eraikitzeko? Nori emango nioke diru hori ondo bideratzeko? ONG bati? Zein ONG-ri? Benetan ondo bideratuko dute nik emandako dirua?
Honetaz pentsatzen ari zarela telefonoak jotzen du. Banketxetik berriro. Sekulako eskaintza dutela zuretzat. Paregabea. Ezingo diozula ezetzik esan. Edukazioz, ez duzula entzun nahi erantzuten diozu. Interesa sortzen bazaizu, joango zarela zeu banketxera. Baina bankukoak belarrian arazoren bat izango du ze, esan diozunari entzungor egin eta bere eskaintzaren abantaila ikaragarriak goraipatzen hasi da. Burukomina sentitzen duzu. Nazkatuta, telefonoa eskegi eta aspirina baten bila joaten zara.
Ez luke zure bizitzako egunik zoriontsuenetakoa izan behar?
Telefonoa berriz. Aparatu kabroia ez da egun osoan isildu ere egin. Alaba duzu oraingoan. Bere lagun baten aita konstruktorea dela eta zurekin negozio batez hitz egin nahi duela. Hotsegiteko lehenbailen mobilera. Ez zarela damutuko. Aukera paregabea.
Alda dezagun ikuspuntuz berriro. Bizitza osoa ematen dugu diru asko izan bagenu zer egingo genukeen amesten. Eta zer egiten dugu adibidez 10 milioi euro ditugunean? Diru hori non inbertitu eta bikoiztu pentsatzen hasten gara. Disfrutatu eta gastatu beharrean. Sinesgaitza.
Ez da orain asmatu dudan zerbait. Gaur egun albistegian Zumaian 10 milioi euroren dirutza suertatu zela aipatu eta esaten hurrengoa non edo nola inbertitu daitezke 10 milioi euro" bota zuten titularretan.
Amaitzeko pentsa dezagun diru asko duen jendeak ze bizimodu klase ematen duen. Badakit oso erlatiboa dela. Ezin dira denak zaku berean sartu. Egia da. Baina egia da ( adibidez ) zineko artista asko eta asko ( diru mordoa izanda ) alkoholikoak direla. Edo beste droga batzuetan erortzeko joera gehiago erakusten dutela. Galdetu Marilyn Monroeri bestela ( barkatu, pirula batzuk hartuta hil zela ahaztu dut une batez ). Eta musika munduan arrakasta dutenak edo multinazional handietako buruzagien zaletasunak aipatzen ez naiz hasiko. Aspertu egingo zinatekete.
Bukatzeko, duela gutxi entzundako esaldi bat aipatu nahi nuke. Ez dakit nork asmatu zuen, baina nire amonari entzun izan diot. Hitz gutxian asko esaten duela iruditzen zait:ez da aberatsena gehien duena, gutxien behar duena baizik
Luzetxoa atera zait gaurko bloga. Barkatuko didazue. Gainera, gabonetako zozketan suertatuko zaizkidan milioi guztiak non inbertitu pentsatzen hasi beharra daukat. Ia ez zaidan burukominik sortzen.