kafe+21

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2007ko ots. 11a, 15:02

                                   

Martutenetik Bonxera. Donostiatik Lugora.  Euskal herritik Galiziako kartzelara. Hauxe da Garikoitz Etxeberria “Kaferi” Espainiako Auzitegi Gorenak ezarri dion bidaia. 600 kilometro. 7 orduko bidaia. Lau urte beteta izatea nahikoa ez nonbait, eta orain sei urte omen zirela eta, beste biak betetzeko atxilotu dute.

 

Antzeko egoeran beste hogeita bat gazte. Ezezagunak guretzat, (neretzat behintzat) kafe ere, Azpeitiarra izan ez balitz, ezezaguna izango litzatekeen moduan.

 

Ia urtebete joan zaigu ETA-k su etena iragarri zuenetik. Alde guztietako ordezkariei entzun izan diegu gauzak ondo zihoazela, baikorra izan behar zela,  denbora kontua zela, oraingo honetan atzerapausurik ez zela egongo, oinarri sendoak zeudela...

 

Baina memoriak ez badit hutsik egiten, espainiako gobernuak ez du aurrerapauso bat eman ( ez da bat ere) gatazkari benetako irtenbide bat ematen hasteko.

 

Nik dakidala ETA-k hiru edo lau komunikatu atera ditu joan den Martxotik. Iraila edo Urri inguruan atera zuen bat. Gogoan dut gogoz irakurri nuela, nuen esperantzari eutsiko zion zerbait irakurtzeko irrikaz. Baina ez nuen ETA-ren komunikatuan baikorregi izateko argudiorik bilatu. Hori baino gehiago, azken urtebete honetan egia bere gordintasun osoan esan duen bakarra dela esango nuke. Eta denborak, arrazoia eman dio.

 

Urtea amaitzera zihoala, Abenduaren 30ean atentatua Madrilen, eta denak eskuak burura eramaten ditugu. Gizarteari, beste behin, gezurra esan diote, iruzur egin diote, gauza bat sinestarazi eta oso bestelako errealitatea erakutsi diote. Albiste txarra denontzat. Barkatu, ia denontzat. Popularrentzat albiste ona baitzen noski.

 

Eta, hiru asteren buruan ( kasualitate hutsa? ) epaia auzitegi gorenetik: Kartzela zigorra kafe eta beste 21 gazteri.

 

Ez naiz politikan aditua. Ezta gutxiago ere. Artikulu hau irakurtze hutsarekin egiaztatu dezakezue. Kontu ilunegia iruditzen zait egia esan. Lanbrotsuegia. Gezur eta interes gehiegi mugitzen den kontua. Konplexuegia. Sustrai gehiegitan zabaltzen dena.

 

Abenduaren 30eko atentatu hori izan ez balitz kafe eta beste 21 horiek kalean egongo liratezke. Ez dakit ziur, baina nire ustez hala da. Kasualitate handiegia iruditzen zait horiei emandako epaia atentatua izan eta denbora gutxira. Horrek ematen du pena. Batzuen interes faltagatik beste gazte batzuen bizia (eta familia edo lagunena) hankaz gora jartzea. Baina berriro baikorrak izan behar dugula esango digute, gauzak ondo doazela, ari direla hitz egiten, erdi ezkutuan edo...

 

Animo kafe eta beste 21entzat!

 

 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide