Tiocfaidh àr là

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2007ko uzt. 25a, 18:07

Pertsona batzuen ausardiak miresmen eta errespetu handia sorrarazi izan didate betidanik. Beraien idealak defendatzeko edozer gauza egiteko prest dagoen jendea da. Gauza garrantzitsuenak galtzeko prest daude, familia edo lagunak, baita askatasuna bera ere, askatasun hitz horrek dituen zentzu eta esanahi guztiak barne. Hau bakarrik nahiko aipagarria dela esango nuke, pertsona gehienok geure zilborrari begira bakarrik bizi garen gizarte honetan.

 

Gauza guzti horiek sakrifikatzeko prest dagoen jende gutxi aurkitu daiteke. Eta normala da. Zer sari izaten du azken finean pertsona mota horrek? Inguruko lagun eta famili arteko batzuen miresmena, historiaren putzuan betirako erori baino lehen.

 

Nelson Mandela bezalako jendea. Edo Ernesto “Che” Guevara, edo Malcom X. Lehenengoak, (errugabea izanda ere)  bi hamarkadatik gora eman zituen kartzelan apartheid sistemaren aurka egindako protestengatik eta beste biak, (iraultza sozial eta beltzen eskubideen alde borrokatzeagatik) akabatu egin zituzten. Bai, bai, badakit hauek betirako gelditu direla historian, eta merezita gainera. Baina, beste zenbat eta zenbat gelditu dira erdi ahaztuta edo guztiz ahaztuta? Ezaguna den baina erdi ahaztuta dagoen horietako bati omenaldi xume bat egin nahi nioke oraingoan.

 

Gure protagonista Belfasten jaio zen, 1954an, familia katoliko apal batean. 18 urte egin zituenerako istiluetan sartzen hasi zen, eta kartzelan amaitu zuen. Hiru urte eta hilabete batzuetara irten zen. 21 urte beteta. Baina kartzelako egonaldiak ez zion nonbait pentsaeraz aldarazi eta, sei hilabeteren buruan, berriro giltzaperatu zuten.

 

Preso errepublikarren kartzela ekintzetan parte hartu zuen gero, manta borroka ospetsuan, esaterako. Lehenengo gose grebaren ostean presoen ofizial buru izendatu zuten eta 1981eko martxoaren 1ean bigarren gose greba bati hasiera eman zion. Maiatzaren 5ean hil zen, barauaren 66. egunean. 27 urte zituen. Beste bederatzi gazte ere hil ziren berarekin batera gose greba honetan.

 

Askok igarriko zenuten moduan, Bobby Sandsi buruz ari naiz. Ez naiz hemen hasiko bere ideia politikoak defenditzen, ez baita hori idatzi honen helburua. Baina manten protesta izenez ezagutzen den garai horretan idatzi zuen liburua goraipatu nahi nuke.

 

 

 

Liburu eder, gogor eta miresgarria izateaz gain Bobbyk zein egoeretan idatzi zuen ezin dugu ahaztu. Komuneko paperean idatzi zuen testigantza izugarri hau, ipurtzuloan gordeta eraman zuen boligrafo batez. Bertan, Long Kesh kartzelako egoera beldurgarria deskribatzen zaigu, oilo ipurdia jartzeraino. Ez gelditu duda mugetan, ahal baduzue, irakurri.

 

Konforme agertuko litzateke Bobby gaur egun irlandar eta ingelesek lortu duten akordioaren gainean? Ez jakin.

 

Bestalde, gogoratu herrian bertan ere badugula miretsi beharreko jendea, bizitza osoa ideia batzuengatik sakrifikatu duen jendea.

 

Bukatzeko, eta Bobbyren baimenez, liburuan idazten dituen bere hitz batzuk jarriko ditut, omenaldi txiki bat izateaz gain, irlandar gazte honen pentsaera zein sendo eta grinatsua zen garbi erakusten dituena:

 

“Hau gogorra da; oso-oso gogorra da, pentsatu nuen koltxoi bustian etzan eta mantei soinean sakatzen niela. Baina egunen batean garaipena gurea izango da, eta sekula ez da ostera gizon edo emakume irlandarrik ingelesen infernu zulo batean ustelduko...

 

Garaipenetik hurbilago gaude gaur, pentsatu nuen, eta gosea sentitu nuen. Eskeleto bat nintzen izan ohi nintzenaren aldean, baina horrek ez zuen axolarik. Ezerk ez zuen benetan axolarik, etsi gabe irauteak baino. Buelta eman nuen berriz ere, hotzak ziztatzen baininduen.

 

Inperioko armategi osoan ez dute inor etsi nahi ez duen gerrako preso politiko errepublikano bakar baten adorea hautsiko duenik... pentsatu nuen, eta hori hala zen. Ezin dute edo ez dute sekula gure adorea hautsiko. Ostera buelta bat eman nuen dardarka, eta elurra leihotik sartzen zen nire manten gaineraino.”

 

“Tiocfaidh àr là,” pentsatu nuen neure artean. “Tiocfaidh àr là,” (Gure eguna iritsiko da.)

 

Egun bat nire bizitzan. (Bobby Sands)

 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide