Berriro igo nauzu

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2007ko abe. 7a, 13:12

Aspaldi honetan ideiei dagokionez lehor samar nabil eta, duela aste batzuk film bat gomendatu nizuen bezala, oraingo honetan liburu bat aholkatu nahi dizuet. Xabier Mendiguren Beasaindarra da idazlea eta izenburua berriz, goian irakurri duzuen berbera: berriro igo nauzu. Gogoan dut 1997 inguruan irakurri nuela lehen aldiz eta, urte batzuk hegan joan diren arren, oraindik oroitzen nuen orduan utzi zidan zapore gozoa. Bigarren aldiz irakurri dut orain, eta orduan nituen inpresio eta oroitzapenak berdintzea nahikoa ez bazen, gainditu egin ditu oraingoan.

 

Liburuaren gaia gogorra bada ere, ( kartzelan 18 urte pasa dituen euskal preso politiko baten itzulera bere etxera, eta bertan dituen sentipen eta pasadizoak ) barre nahikoa egiteko aukera utziko digu Mendigurenek. Topiko gehienetatik ihes egin eta beste ikuspuntu bat eman nahi du idazleak. Eta baita lortu ere. Joxe “Marmitte”  protagonistaren eskutik, kartzelatik etxerako bidea, familiarekin duen lehen kontaktua, ahaztu gabeko maitasun baten presentzia, Ñañarri mendiak sortzen dion erakarpena, bere sentipen sakon eta intimoenak, herriak eskaintzen dion omenaldian dituen gorabeherak eta abar luze bat eskaintzen zaizkigu. Politika erabat ahaztu gabe, dena den.

 Irakurle zaretenok ez duzue aitzakiarik. Eta ez zaretenok irakurtzeari gustua hartzeko tamainako eleberria dela esango nuke. Euskara errazean dago idatzia, 250 orri eskas ditu eta pasadizo eta egoera xelebreak uneoro aurki ditzakegunez, motza denaren sentzazioa izango du irakurleak amaieran. Niri behintzat horrela gertatu zait bi aldietan..Animatu eta gozatu. Gustatzen ez bazaizue, nire errua izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide