60 urte

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2008ko urt. 8a, 01:01

Bata 1921ean jaioa. Bestea 1923an. Aizarnako Ipintza baserrian jaioa lehena. Bestea berriz Lasao bidean dagoen Abeta baserrian. Garai hartan lege eta ohitura zen moduan, gazterik ezagutu eta 1948an ezkondu ziren, Loiolan, gerra osteko urteetan. Elizkalean urte batzuk bizi ostean, Santutxoko auzora pasa ziren, urte zoriontsu horien fruitua lau alaba ederrez bedeinkatuta ikusi zelarik.

 

Urte onak izan ziren noski, baina txarrak ere izango ziren tartean, bizitza ez baita beti aldapa behera irristatzen den malda. 60 urte, 3000 aste edo 21000 egunean ezin daiteke dena arrosa kolorekoa izan. Baina aldapak aldapa eta zailtasunak zailtasun, bizitzaren errotak aurrera jarraitu zuen eta, aurrez aipatutako alaba horiek beraien seme-alabak ekartzen hasi ziren. 1975 inguruan gertatu ziren hauek eta, frankoren heriotzaz gain, izan zen zer ospaturik, familian beste belaunaldi bati hasiera eman zitzaiolako. Aitona-amonak bihurtu zineten orduan. 74tik 86bitartean 7 iloba munduratu ziren, 5 mutiko eta 2 neskatxa.

 

Eta orain, ia ustekabean, XXI. mendera iritsi zarete. Azken bi urteetan, lehen aipatutako hiru iloben ezkontza ikusi eta gozatzeko aukera ere izan duzue. Eta birramona eta birraitona egin zaituzten azken bi txikiei ongietorria eman ere bai. Inar eta Maialenek beste titulu bat eman dizuete. Nork esango zizuen zuei 1948 urrun hartan!

 

Zorionak Antonio. Zorionak Hilari. Zorionak attitte. Zorionak amama. 60 urte batera. Eskerrik asko guztiagatik. Ez zarete makalak irten!

 

 

Hirurogei urte

Biok elkarrekin

Ipintza ta Abetaren

Itzalpearekin

Sufrimendu nahiko ta

Maitasunarekin

Babesa baduzue

Familiarekin

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide