San Sebastián bezperan, bost lagun bildu ginen bazkaltzen. Bagenekien egun horretan afaritan ez dela giro izaten lekua bilatzeko, eta bazkaltzeko berriz, lekua soberan izango genuela. Horrela izan zen. Ez dut uste inor damutu zenik. Trintxera jatetxean jan genuen, eta bertatik ikus daitekeen mendikate zoragarriaz gain, jateko ugari eta goxoaz disfrutatzeko parada ere izan zen.
Bazkariko une batean, eta koadrila denetan edo ia denetan noizbait gertatu den moduan, politikaren gaia atera zen mahai gainera. Lasai egon daitezela nirekin zeudenak; ez dut izenik esateko asmorik, ez baitiot inori horretarako baimenik eskatu. Ez dut gainera mahai hartan esan zirenak kritikatu edo neronek esan nituenak justifikatzen hasteko arrazoirik. Ez da hori blog honen helburua. Kontua da, bost lagun on bildu ginela bazkarian, txiki-txikitatik eskolan batera hasi ginenak. 25 urte daramatzagu batera, eta honezkero ezagutzen gara zertxobait. Eta hori, norberaren iritzia lasai eta konplexurik gabe azaltzerakoan oso garrantzitsua da.
Bagenekien gai hartan desberdintasun batzuk sortuko zirela, baina hori baino garrantzitsuagoa dena: bagenekien ez ginela desberdintasun horiengatik haserretuko.
Badago bere iritzi politikoa sekula agertzen ez duen jendea. Errespetagarria da. Badago politikaz hitz egiten hasi orduko beste norabait begiratu eta aho zabalka hasten denik ere. Errespetatu daiteke. Badago politikarekin nazka-nazka eginda dagoen jendea, eta ez da harritzekoa. Eta bada politikagatik ikaragarri sufritu duen jendea ere; familiako edo lagunen bat hilda dutenak, urrutiko espetxeren batera joateko autoa hartu eta mila kilometro egin behar dutenak, errepresioa era desberdinetan sufritu dutenak...
Eta badago bizitza guztiko lagunekin afaltzera joan eta bere iritzia esatera ausartzen ez denik ere. Eta hori, errespetagarria izango da agian, baina tristea denik ez didazue ukatuko. Iritzia emateko ausardia falta duenak berak edo lagunek, baina zerbaitek huts egiten du hor.