Garapenaren izenean

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2008ko mar. 17a, 15:03

 

Aurrerakoia izan nahi duen gizarte batek garapenean pentsatu behar du uneoro. Ezin du atzean gelditu inoiz, ez behintzat inguruko gizarte edo herrialdeekin lehiatzen jarraitu nahi badu. Baina garapen hitz hori erabilita  egin behar da guzti hori, anbizio mugagabe edo etekin ekonomiko bezalako hitzak itzalpean ezkutatuz, badaezpada. Garapenaren babesean eta aitzakian dena baita posible.

 

Garapenaren izenean etxe berriak egiten jarraitu behar da etengabe, baina inork ez dezala pentsa eraikuntzan nagusi diren jauntxoei primeran etortzen zaiolako egiten direnik, herritar xumeek ezinbestean behar dutelako baizik. Horregatik da etxebizitza gaur egun eskubide bat, eta ez gazteak 50 urtean zorretara kondenatzen dituen sistema mota bat.

 

Garapenaren izenean milioika milioi euro gastatu behar dira urtero mota guztietako errepideak egiten. Berdin da A-8a autopista berritu edo autobia berri bat egiteko bada. Lehen berrogei minutu egiten kostatzen zena, orain hogeita hamarrean egitea da kontua. 160 milioi euro gastatu behar direla? Nori axola zaio? Egin dezagun, zerbaitetan gastatu behar da dirua. Aurreko premiarik ez dagoenez...

 

Garapenaren izenean abiadura handiko trenaren bagoira igo behar izan dugu, guretzat azkarregi zetorren edo ez planteatu gabe. Horregatik egin zitzaion herriari komeni zitzaigun edo ez erabakitzeko galdeketa. Euskal herriak ezin du honetan atzera gelditu, Europako beste herrialde gehientsuenak garapenaren karroan berebiziko martxa hartuta dutenean. Garapena tartean dagoenean herriak ez du hitzik.

 

Baina garapena ez da gizartean orokorrean txertatzen diguten injekzio bat bakarrik. Indibidualki ere sartu nahi digute, nahi ala ez, ume egoskortuei papila koilarakada ahoan sartzen dieten bezala. Gizarte honek funtzionatzeko duen modu bakarra delako. Duela hamar edo hamabi urte horren arraroak ziren aparatuak ezinbestekoak bilakatu zaizkigu amen batean. Eskuko telefonoa adibidez. Gure bizitza hobetzeko sortu dute, askeago sentitzeko, harreman osoagoak izan ditzagun. Ez dira sortu indar gehiegi lortu duten munstro itxurako multinazional batzuen martxa geldiezina mantentzeko, gure onerako asmatu dituzte, garapenaren izenean zoriontsuago izan gaitezen.

 

Garapena ez da txarra hitzaren zentzua bera aztertzen bada. Baina gizonen anbizioa edo diru gosea tartean sartzen denean beste esanahia bat hartzen du berehala. Garapena eta erotasunaren arteko marra oso fina izan litekeela uste dut. Eta marra hori ikustea asko kosta daiteke batzuetan.    

 

Zuhaitzak mozten jarraitu behar dugu. Itsasoak kutsatzen. Errepideak auto gehiagoz betetzen. Arnasten dugun airea zikintzen. Umeek jolasten duten zelai eremuak desagerrarazi eta etxeak egiten. Etorkizunak eskertuko digu. Gure ondorengo belaunaldiek eskertuko digute. Garapenaren izenean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide