Gustuko liburuak aurkitzea zaila izaten da. Horregatik, asko estimatu izan dut beste norbaitek berari bereziki gustatu zaion liburu bat gomendatzen didanean. Eta, nik estimatzen badut, baliteke beste norbaitek ere nik haina eskertzea.
Horregatik nahi dut Amaierarik gabeko mundu bat, Ken Follett galestarraren liburu bikaina aholkatzea. Un mundo sin fin esan beharko nuke ordea, euskarazko itzulpenik ez baitago oraindik. Eta ez dakit itzuliko duten gainera. Irakurtzeko zaletasuna duzuenoi ezaguna egingo zaizue Ken Follett. Los pilares de la tierra eleberriarekin egin zen ezagun mundu osoan, 1989an. Ordudanik liburu eder eta mamitsuak idatzi izan ditu, baina Los pilares de la tierra delakoa gailendu da beste guztien gainetik.
Ingalaterran kokatutako Kingsbridge delako fikziozko hirian kokatzen da istorioa, XII. mendean. Ezin hobeto erakusten du Follettek garai hartako bizimodu gogor eta injustiziaz betea. Elizak zuen neurrigabeko boterea adibidez, apaiz xumeenetik hasi eta erlijioa eta sinesmenaren anparoan nahi zuten guztia lortzen zuten obispoekin amaituz. Noble eta zaldunek zuten anbizioa eta azpijokoa ere nabari agertzen da, titulu garrantzitsu eta bururik gabeko gerra eta liskarretan sartuta beti ere. Eta guztien azpitik, nola ez, herritar behartsuenak; nekazari eta komertzio gizona apalak. Baina liburuko protagonista nagusiak amets bat bete nahi du bere bizitza zentzuz bete dadin; sekula inork eraiki duen katedral zoragarriena sortu nahi du.
Bigarren zatia berriz, Amaierarik gabeko mundu bat, XIV. mendean kokatzen da, lehenengo eleberria baino 200 bat urte atzerago. Pertsonaia batzuk lehenengo liburutik zetozenen ondorengoak dira, eta horrek jarraipen moduko bat ematen dio eleberriari. Intriga, gerra, anbizioa, amodioa, boterearekiko borrokak, bortxaketak, injustizia, sexua... denetarik ekartzen digu bigarren zati honek, baita inoiz gizateriak sufritu duen drama latzenetako bat ere: Europan garai hartan bizi zen jende erdia heriotzara eraman zuena: pestea edo izurrite deritzana.
Bigarren eleberri honetan ere agertzen da katedral baten eraikuntza, eta Ken Follettek liburuaren amaieran aitortzen duenez, Gasteizko Santa Maria katedralean egiten ari diren eraikuntzan inspiratu zen bere obraren zati bat idazteko. Gasteizeko hiriak katedralaren kanpoaldean Folletten brontzezko estatua bat ipini du, esker moduan.