Hilabete batzuk atzerago idatzi zuen blog hauetako erantzunen batean Begoña Eliasek presoen aldetik jasotako gutunek sortarazten zioten poz eta ilusioa. Ba nik ere ilusio berberaz gozatzeko aukera izan dudala esan dezaket.
Iker Iparragirreren gutun bat jaso genuen gure etxean, Parisetik nahiko gertu dagoen Bois d`arcy kartzelatik zuzenean bidalia.
Iker txiki-txikitatik ezagutu izan dut, ni baino urtebete zaharragoa izanik ere beti egon izan zelako nigandik nahiko hurbil, klase desberdinetan izanda ere, eskola berean ikasi baikenuen. Berarekin gogoratzean, bihurri aurpegiko mutil bat etortzen zait burura, irribarrea ia beti ahoan, ile kizkur eta luzea zintzilik. Eta beti alai, beti hitz edo galdera jatorren bat. Gogoan dut, eskolako garai haietan urtebeteko aldea izate horrek garrantzia handia zuela, eta zaharragoek ez gintuzten beti behar bezala zaintzen. Adinaren hierarkia horrek desberdintasun handia sortzen zuen batzuen eta besteen artean, denak hamaika edo hamabi urteko umemoko batzuk izanagatik. Horregatik oroitzen naiz beharbada hainbeste begirunez Ikerrez, ez baitut gogoan inoiz hitz txar edo desegokirik zuzendu zidanik.
Ez dago gehiago idatzi beharrik. Urte batzuk badira zoritxarrez herrian falta denetik, eta lehenbailehen itzultzea nahi nuke. Badakit beste asko ere zain dituela. Zain gaudek, Iker. Itzuli azkar.
Ikerregatik bakarrik aritu naiz hemen baina, herriko beste presoak ere merezi dute tartetxo bat. Iritsiko ahal da denak batera Azpeitian elkartuko diren eguna. Gotzon, Xegu, Txapi, Kafe.... eutsi goiari.