Kirol guztietan bat hautatu behar banu gogorrena bezala txirrindularitza aukeratuko nuke ziurrenik. Abiadura itzela, malda ikaragarriak, deshidratazioa, izerdia, indar mentala, arriskua, zaleen oihuak... ezaugarri guzti horiek kontuan izanda kirol epikoa dela esan dezakegu, pertsonen sufrikarioa eta muga fisiko nahiz mentalak mutur-muturreraino eramaten dituen kirol batez ari garelako.
Hori guztia egia da. Baina nik ezin dut dagoeneko kirol hau lehen ikusten nuen begi berdinekin ikusi. Eta ez dakit aurrerantzean ikusi ahal izango dudan. Piepoli italiarra eta Cobo espainarrak egundoko etapa egin zuten duela egun batzuk frantziako tourrean. Saunier Duval taldea defendatzen zuten biek, eta eskuak gora igota sartu ziren helmugan, olinpoko jainkoak balira moduan. Ez dago esan beharrik zale guztien babes eta txalo zaparradak jaso zituztela, ohore guztia irabazi zuten, ordu batzuetan behintzat. Talde bereko Ricco italiarrak positibo eman zuen hurrengo egunean ordea, eta Saunier Duval taldeak frantziako tourretik ospa egin du, ahal bezain isilen. Eta tour honetan izan dira aurreragotik ere beste pare bat positibo.
Irabazle izatetik galtzaile izatera ordu eskas batzuetan. Eredu izatetik gorroto eta ezinikusi nabarmenena sortzera zale askoren artean.
Bada gai honetan oso ondo ulertzen ez dudan ikuspuntu bat. Aurretik esan gabe doa ez naizela txirrindularitzan aditua eta nire iritzia guztiz diskutigarria dela. Txirrindularitza horrela dagoela, bata eta bestearen iritziak entzuten dituzu eta entzundakoak harritu egiten zaitu batzuetan, eta harritu esatean motz gelditzen ari naiz. Bati entzun nionez, arazoa frantziako tourrak berak du, bere hitzak literalki erabiliz hainbeste kontrol eta hainbeste traba, utz diezaiotela nahi dutena hartzen, eta gero gerokoak. Hori da kirol epiko honek utzi behar digun ekarpena? Hori al da txirrindularitza benetan maite dutenek lortu nahi dutena? Nola jakin liteke horrela azken egunean Parisera lehen postuan iristen den txirrindulariak benetan irabaztea merezi duela?
Kirolak lehenbizi utzi behar duen irakaspena gardentasuna da nire ustean. Batek egundoko etapa egin, garaile izatea lortu eta zale guztien txalo zaparrada entzun nahi badu, irabazi dezala bere entrenamendu eta izerdiaren emaitzaz, ez laborategian atera duten azken EPOaren sustantzi berriaz. Kirolak orain arte izan duen esentzia eta balore guztiak zaborretara doaz bestela.
Nik ez dakit nola lortzen duten baina, badaude txirrindularitza begi berdinekin ikusten jarraitzen duten zaleak. Garrantzitsuena espektakuloa bera dela esaten dutenak. Edozein prezio ordaintzen dela ere. Irabazi eta irabazi. Zer axola du garbi izan edo EPOS LEPO. Uztarriako Pourrean parte hartzen ari direnei edo txirrindularitza espektakulo bezala defendatzen duten horientzat galdera bat dut amaitzeko. Baita txirrindularitza zaleentzat ere, orokorrean.
Nola definituko zenukete zuek kirol hau?
Epika ala pirrika?