Hoberenetan hoberenak

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2009ko ots. 4a, 13:02

Azken egun hauetan kirol erakustaldi ikaragarriak ikusteko aukera zoragarria izan dugu. Hari honi tiraka, nire bizitzan ikusi ditudan kirolari onenei errepaso bat ematen aritu naiz. Bakoitzak, bizitzako beste esparru guztietan bezala, bere preferentzi eta gustuak izango ditu honetan ere. Beti izango da zaila maila honetako kirolariak aztertzen hasita zerrenda justu bat egitea. Bakoitzak jakingo du zein kirol duen gustuko, eta kirol horien barruan, zein kirolari gustukoen. Zerrenda bat egiten saiatu naiz. Eta zerrenda mugatu horretatik, nire uste apalean, kirolari hoberenetatik hoberenak aukeratzen. Honelako zerrenda bat beti izango da erlatiboa baina tira, hemen doa nirea. Norbait ahazten zaidala iruditzen bazaizue, bota zuen iritzi eta kritikak. Nire kiroletan maitatuenetik hasiko naiz, zuen baimenaz:

 

Saskibaloia: Michael Jordan guztien gainetik. Ez naiz hasiko hemen bere lorpen eta titulu guztiak azaltzen, leku gehiegi beharko nuke eta. Historiako beste onenetako batzuk: Kareem Abdul-Jabbar, Bill Russel, Oscar Robertson, Magic Johnson, Larry Bird, Hakeem Olajuwon, Drazen Petrovic, Arvydas Sabonis, Kobe Bryant, Lebron James, Pau Gasol, Dirk Nowitzky, Luis Scola...... bufff, luzeegia da lista.

 

Futbola:   Diego Armando Maradona, Pele, Di Stefano, Zidane, Romario, Ronaldo, Kaka, Messi......

 

Txirrindularitza:  Eddy Merckx, Bernard Hinault, Miguel Indurain, Lance Armstrong....

 

Pelota:  Julian Retegi, Atano, Gallastegi, Soroa, Ogeta, Arretxe, Beloki, Eugi, Irujo, Titin, Olaizola II...

 

Tenisa: Rafael Nadal, Rogel Federer, Pete Sampras, Andre Agassi, John McEnroe, Jimmy Connors, Borg, Boris Becker, Stefan Edberg...

 

Atletismoa: Emil Zatopek, Haile Gebresselasie, Carl Lewis, Michael Johnson, Sergei Bubka, Hicham El Gerrouj, kenenisa Bekele, Paul Tergat, Usain Bolt...

 

Boxeoa: Mohamed Ali, Joe Frazier, Rocky Marciano, Oscar de la Hoya, Mike Tyson...

 

Igeriketa: Mark Spitz, Ian Thorpe, Michael Phelps...

 

Beste kirolari batzuk: Valentino Rossi, Mike Doohan, Michael Schumacher, Airton Senna, Alain Prost, Nadia Comaneci, Steffi Graf, Martina Nabratilova, Tiger Woods, Sebastian Loeb, Elena Isinbayeba, Maria Mutola,...

 

Beste kiroletan ez naiz sartuko. Hanka sartuko nuke. Ez dakit ados egongo zareten zerrenda honekin. Beharbada bai, baina agian ez. Dena den, hortik beste koska batetara pasa nahi nuke. Hor goian aipatzen ditudanak markaz kanpoko kirolariak dira, historiako orri distiratsuenetan beraien izenak grabatuta gelditutako dira. Kirolen mailan. Baina goiko izen horietatik beste zerrenda bat egin nahi nuke, oraindik eta bereziagoa. Txikiagoa eta oso pertsonala.

 

 

 

 

 

 

Goiko zerrenda horretako kirolari gehienak ikusteko zortea izan dut. Denak ez, baina asko bai. Denak izan dira ikaragarrizko kirolariak baina niri benetan hunkitu eta azaltzen ez dakidan beste zerbait sorrarazi didatenak hiru dira. Aipatzera noan kirolari hauek ikusteko aukera izan dut. Bi erretiratu dira baina bestea ez. Ez ziren edo ez dira beraien kiroletan onenak bakarrik. Hori baina zerbait gehiago dira niretzat. Hiru kirolari hauek oilo ipurdia jarri didate beraien kirol ibilbideko uneren batean. Eta begiak malkoz busti ere bai.

 

Kirol hauetan jaun eta jabe izan dira beraien garaietan. Urte batzuetan ez dute areriorik izan. Itzala egingo zioten inor ez. Eliteko kirolean izugarrizko lehia dago gaur egun. Titulu bat irabaztea zaila bada pentsa zein zaila den kirol batean urteetan onena izatea.

 

Julian Retegi da lehenengoa. Eratsunen jaio zen, 1954an. 11 txapel buruz-burukoan, beste bost binakako txapelketan, lau kaiola edo 4 t`erdiko txapelketan. Niretzako erreferentzia bat. Aimar Olaizola edo Juan Martinez de Irujo izugarrizko pilotariak dira, oso-oso onak. Baina Julianek beste zirrara bat sortzen zidan niri. Ez dakit nola azaldu. Aurkaria dominatzera iritsi zitekeen bere presentzia hutsarekin. Ez zen inoiz irabazten aspertu. Fisikoki eta psikologikoki aparta. 43 urterekin Titini irabazi zion 4 t`erdiko txapelketak hark ez du parekorik izan. Ez dut ikusi adin horrekin inor (inor ez) horrelako mailarik ematen. Ikusiko dugu nola dauden Olaizola edo Irujo adin horretan.

 

Michael Jordan da beste bat. Brooklyn-en jaio zen, 1963an. Niretzat (eta beste askorentzat ere bai) historiak eman duen kirolaririk hoberena, osoena, ikusgarriena, handiena. Beregatik jartzen dudan guztiak motz utziko nau. Erretiratu zenean, XX. mendeko atletarik handienaren saria eman zioten. Zerbaitengatik izango da. Sei aldiz NBA txapelketaren irabazle, final guzti horietan jokalari hoberenaren saria eman zioten. 10 bider ligako saskiratzaile nagusia izan zen. Bere lorpen eta errekor guztiak ezin dira jarri horrelako blog batean. Ez dago lekurik. Txapeldun handienen antzera, galtzea gorroto zuen. Berak ez zuen ikasi hitz horren esanahirik. Ez zuen sinetsi nahi beste norbaitek irabaziko zionik. Ez dut uste presio eta tentsio momentuetan hobekiago erantzun duen kirolaririk egon denik. Saskibaloia bost jokalari beste bosten aurka jokatzen den kirola da baina, Michael Jordan-ek bakarrik erabakitzen zituen partidak markagailua berdinduta zegoela. Saskibaloia maite dugunok badakigu ez dugula sekula (sekula ez) horrelako jokalaririk berriro ikusiko. Saskibaloia maite duenak badaki zertaz ari naizen. Erretiratu zen (zoritxarrez) baina oraindik bere jokaldi eta erakustaldiak ikusgai ditugu berarekin egin diren bideo berezi guztietan. Eskerrak. Interneten milaka eta milaka web horri ditu.

 

Rafael Nadal bi aurreko munstro hauen parean jartzen hasi beharra dago. Menorcan jaio zen, 1986an. Oraindik 22 urte bakarrik ditu. Gaur egun munduko tenislari hoberena. Bi aurrekoen parean jartzeko goizegi dela pentsatuko du norbaitek, baina hotz-hotzean pentsatzen jarrita, ezetz erabaki dut nik. Merezi duela. Retegi eta Jordan apenas izango ziren ezagunak 22 urte zituztela. Nadalek lortu duena ikaragarria da horren gaztea izateko. Ez dut uste inork horren gaztea izanik horrelako palmaresik erakuts dezakeenik.

 

 

 

 

 

 

22 urterekin 32 titulu ditu. Horietatik asko oso garrantzitsuak gainera, 6 Grand Slam eta pasa diren Joko Olinpiarreko urrezko domina kasu. Oraindik eta meritu handiagoa du mutil honek teniseko lehen lekua nori kendu dion aztertzen badugu: Roger Federer handiari. Federerrek ez zuen aurkaririk izan Nadal iritsi zen arte. Aditu askoren usteetan, historiako tenislaririk hoberena da. Lau urte eman zituen munduko lehena bezala eta ez zen itzal egingo zion inor ikusten. Baina Nadal iritsi zen. Bihar bertan erretiratuko balitz ere izugarrizko lorpenak utzita joango litzateke. 18 urte zituela (oraindik ezezaguna zela) Roland Garros Parisen jokatzen den torneoa jokatzera abiatu zen lehen aldiz. Horrela esan zion bere aitonari abiatu aurretik: “Roland Garros irabaziko dut.” Aitonak barre egin zion. “Hik hartu behar ditut ostikadak bizitzan,” pentsatuko zuen. Bi aste beranduago bueltatu zen etxera, eskuan txapeldunaren kopa zekarrela. Lehen aldiz joan eta txapela irabazi. 2005, 2006 eta 2007 urteak munduko bigarren lekuan amaitu zituen, baina Federerrek ez zuen bere erregetzea horren salbu ikusten dagoeneko. Nadal maila ikaragarria ematen hasi zen 2008an txapelketa guztietan eta Wimbledon-go erregetza kendu zion azkenean. Askoren ustetan sekula ikusi den partida hoberena izan zen hura. Ia bost orduko lehiaren ondoren irabazi zuen Nadalek, psikologikoki Federer baina gogorragoa dela erakutsiz. Abuztuan hartu zuen munduko hoberena denaren saria eta guzti hori borobiltzeko, urrezko domina Pekingo Olinpiar Jokoetan geroxeago. Nahikoa al da? Ez. Nadalek ez du ezer utzi nahi besteentzat. Egoista samarra da mutila. Australiako irekia irabazi berri du, berriro Federer handia finalean garaituta, 4 ordu eta 20 minutuko final ikaragarri batean. Beste gauza bat goraipatu nahi nuke: Tenisa beste maila batera eraman dute bi tenislari hauek. Ematen duten maila sinesgaitza da. Ikusita ere kosta egiten da sinestea. Tenis hutsa da, bere esentzia osoan, tenis perfektua. Urte askoren buruan berriro kirol hau maitatzera eraman naute. Eta hori bereziki Nadali zor diot. Gauza gehiago ere idatzi nahi ditut baina luzeegia geratzen ari zait.

 

Bukatu aurretik hiru kirolari hauek batzen dituen ezaugarri batzuk aipatu nahi nituzke. Beraien kiroletan hoberenak izateaz gain, beste gauza batzuk erakutsi nahi dituztela edo zituztela zirudien. Kirolaz haratago beste zerbait demostratu nahian balebiltza bezala. Irabazteko grina hori, momentu zailenetan agertzen duten odol hotza, gauzak okertzen zaizkienean begitartea okertzeko modu hori, porrota gorrotatu eta urrutiratzeko ahalmen ikaragarri hori. Irabazteko jaio direla ematen du. Beraien bizitzetan galdu hitz hori ez da existitzen.

 

Retegik Titinen aurkako partida horretan ageri duen aurpegiko keinua. Jordanek edozein finaletan erakusten duen haserre begirada. Nadalek puntu garrantzitsuenak jokatzeko duen modua, kontzentratzeko ahalmena. Irabazi, irabazi eta irabazi. Eta irabazi eta gero, irabazten jarraitu.

 

Baina inor ez da perfektua. Retegik, Jordanek eta Nadalek gauza bakar bat falta dute perfekzioaren eremuan sartzeko. Asmatu ezetz?

 Azpeitarrak izan behar lukete horretarako (je,je.)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide