Erraza dirudien arren, zein zaila den batzuetan huts egin diozun norbaiti barkamena eskatzea. Gauza arrunta da itxuraz, sinplea oso, segundo bakar batean egin daitekeena. Bestearen aurpegira begiratu eta barkatu soil bat esan besterik ez duzu. Baina zergatik kostatzen zaigu horrenbeste itxuraz hain erraza bada? Beti piztu izan didate horrelako gauzek jakinmina. Barkatu behar duenak koherentzia pixka bat eta humanitate arrastoren bat badu, barkatu egin beharko luke gainera. Egin duzun hori larriegia ez bada behintzat.
Hamar bat minutu eman ditut azkenengoz barkamena noiz eta nori eskatu nion gogoratu nahian. Ez dut gogoratzen. Edo aspaldian ezer txarrik ez dut egin (sinesteko zail samarra gertatzen dena) edo gauza txarrengatik damutu eta barkamenik eskatzen ez dut ikasi. Zer pentsatua ematen du honek. Gauza hauek ez baitira eskolan ikasten. Baina beste gauza bat ere jarri behar dut hemen. Denboraldi batean nire arazoa bakarrik zela uste nuen, nire pertsonalitatean hobetzeko nuen gauzetariko bat zela. Zuzendu beharreko akats bat. Eta horrela dela pentsatzen jarraitzen dut. Baina denborarekin konturatu naiz gizarte honetan denok (edo gehienok) dugula arazo berdina.
Egin dezagun ahalegin bat. Bestearen zain egon gabe, geure buruarekin hasita. Besteek egin behar dutena ez baitago zure esku, baina zuk egiteko duzuna bai.
Uztarriako blog honetan edo aurrekoetan norbaiti miñik eman badiot, barka diezadala.