Nola alda litekeen herri bat urte gutxiren buruan. Gezurra ematen du. Azken 15 edo 20 urteetan herriak bilakaera izugarria izan du. Orain dela 20 bat urteko Azpeitia datorkit gogora. Goizetan eskolara ateratzen nintzeneko irudiak ikusten ditut oraindik. Harzubian bizi nintzen ni orduan eta inguru hori oso desberdina zegoen. Nahiko gaztea izanik dagoeneko horrelako aldaketa ikusi badut pentsa zaharrago direnek zenbaterainoko eraldaketa ikusiko zuten.
Nire etxetik irten eta zezen plazara iritsi baino lehen, bazen zezenei eta zezen zalei zuzendutako taberna bat. Bertara bidaltzen ninduten aita edo amak noizean behin, enkargu batekin. Tabernaren izena ez dut gogoan baina irudi batzuekin akordatzen naiz.
Bazen autoen tailer mekaniko bat ere. Bertako gizona beti buzoarekin eta erdi zikinduta egoten zen, autoko motorraren artean aurpegia zikinduta. Baina oso jatorra zela gogoan dut. Mutiko bat baino gehiago gerturatzen zen bertara futbol edo saskibaloi pelota husten zitzaionean, mekaniko hark irribarre batekin puzten laguntzen baitzion. Orain etxe mordoa eraiki dute inguru guztian. Lehen baino ederrago eta txukunago dago guztia. Baina gustora ikusiko nuke berriro dena lehen zegoen bezala. Minutu batean bada ere. Nostalgiko samarra naizela uste dut.
Loiola inguruan ere zenbat etxe egin dituzte azken hamarkadaren bueltan? Eta orain etxebeltz deituriko etxe hoiekin dena nola aldatuko den aipatu beharrik ez dago.
Imanol Eliasek oso liburu interesgarria dauka gai hau aintzat hartuta. Gaztaroko kronikak deitzen da eta bere haurtzaroko bizipenak kontatzen ditu besteak beste. Umea zela egindako zenbait gaiztakeria eta lanean hasi zeneko lehen urteak. Orduko Azpeitia nolakoa zen ere deskribatzen du, 1950. urte inguruko Azpeitia hura. Plaza nagusia, errebala eta parte zaharrak osatzen zuten ia erabat orduko Azpeitia. Gustora egingo nuke bidaia labur bat iraganera, orduan gauzak nola zeuden ikusteko.
Eta etorkizunean? Nola egongo dira gauzak etorkizunean herrian? Irudimena piztu beharra dago horretarako...