Benetako istorio bat

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2010ko urt. 14a, 19:01

Paul Auster idazle amerikarrak ondorengo istorioa kontatzen du bere liburu batean. Benetako istorioa dela azpimarratzen du gainera.

Yugoslavian gertatu zen, bigarren mundu gerrako azken egunetan. Serbatiev izeneko gaztea Serbiako partisano talde bateko kide zen. Nazien okupazioaren aurka borrokan ari zen Serbiako talde hau. Egun batean, goizean goiz, bera eta bere lagunak izkutatuta zeuden txabola inguratu zuten naziek. Baso baten erdian zegoen txabola eta, negua zenez, elurrak metro erdiko altuera zuen. Partisanoek ez zuten ihes egiteko modurik.

Zer egin asmatu ezinda, azkenean zorteak erabaki behar zuela erabaki zuten: txabolatik banaka aterako zirela erabaki zuten, korrika eta presaka, elurrean barna desesperazioz nonbaitera aldegingo zuten itxaropenez beterik.

Zozketa egin eta gero, Serbatiev izeneko gazteak hirugarren lekuan atera behar zuela erabaki zuten. Lehenengo gizona atera zen. Serbatiev leihotik begira zegoen, urduritasuna menderatu ezinda. Arbolen atzetik, metraileta hotsa entzun zen segituan. Gizona segituan erori zen. Ia tarterik gabe atera zen bigarren gizona ere eta emaitza berdin-berdina. Berehala erori zen metraileta balak eraginda.

Serbatiev gaztearen txanda heldu zen. Ez dakigu zenbaterainoko zalantza egin zuen ateratzeko unean. Ezin jakin zer pentsakizun izango zituen buruan. Korrika atera zen, bere hankek eman zioten abiadura guztiaz. Segundu amaigabe batzuk joan ziren airean. Bat-batean ikaragarrizko mina sentitu zuen hanka batean. Gero, zentzua galdu zuen.

Esnatu zenean, baserritar baten karroan zihoan, etzanda. Ez zekien zenbat denbora pasatu zen eta bitarte horretan gertatutakoaren berririk. Begiak ireki zituenean zaldi batek tiratzen zuen karroan zihoala egiaztatu zuen. Baserritar bat zihoan karroaren gidari eta Serbatiev baserritarraren buruari begira gelditu zen une batez. Zerbait esatera ausartu nahi zuen baina hitzak ahotik atera aurretik gertuko basotik zetozen eztanda eta tiro hotsak entzun zituen. Baserritarraren burua desagertu egin zen berehala. Serbatiev bururik gabeko gorputz zati hari begira gelditu zen.

Zarata eta eztanda gehiago. Ezin dugu esan zaldiak karrotik tiraka jarraitu zuen baina bai segundu edo minutu gutxiren buruan tropa errusiar handi bat etorri zela bide hartan behera. Jeepak, tankeak eta soldadu pila bat.

Agintean zegoen ofizialak Serbatiev gaztearen hanka ikusi zuenean, inguruan zegoen ospitale txiki batera eramatea erabaki zuen. Oso egoera kaskarrean zegoen ospital txiki hau eta ia ez zegoen batere medikamenturik. Ejerzitu errusiarreko medikuak hanka hura salbatzea ezinezkoa zela deliberatu zuen. Moztu beharra zegoen, eta lehenbailehen gainera.

Serbatiev oihuka batean hasi zen. "Ez moztu hanka, arren. Mesedez, jainkoaren izenean, ez moztu hanka".

Baina inork ez zion entzun. Enfermeroek operazio mahaian jarri eta korreekin lotu zuten. Medikuak zerra hartu zuen. Zerra azala mozten hasi zenean, beste leherketa bat entzun zen. Ospitale txiki hartako sabaia segituan erori zen eta nahasmena nagusitu zen bazter guztietan. Serbatiev gazteak zentzua galdu zuen berriro.

Berriro esnatu zenean, ohe batean etzanda zegoen. Izarak garbiak ziren eta logelak usain ona zuen. Serbatiev partisanoaren hanka oraindik bertan zegoen gainera, gorputzari pegatuta. Neska gazte bat sartu zen ondoren plater batekin eta zopa eman zion jateko. Oso ederra zen neska eta irribarre egiten zion aldian behin. Serbatiev gazteak zalantza egin zuen: oraindik bizirik zegoen edo hil ondorengo paraisoan zegoen dagoeneko.

Pare bat hilabete eman zituen etxe hartan eta neska gaztearekin maitemindu zen. Zoritxarrez, maitasun hark ez zuen etorkizunik izan. Baina Serbatiev gazteak aurrera egin zuen bizitzan eta hankarik moztu gabe. Gero, gerra amaitu ostean, Ameriketara emigratu zuen bizitza berri baten bila.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide