Gutxitan egin ohi izan du jendeak lanik bokadillo baten truke. Eta gero eta urriago aurkituko ditugu horrelako pertsonak. Kulturaren inguruan bueltaka ibiltzen dira oraindik bakan batzuk, galtzeko arriskuan dagoen espezie baten parte dira. Laster denboraren zurrunbiloan desagertuko zaizkigu, sekula existitu ez balira bezala, baina inor ez gara ohartuko.
Juanito Bikendi izan da horietako bat. Pilar Aizpitarte bestea. Eta Iñaki Bergara Kaxkurrio. Idoia Uranga, Boni Alegria, Mailo Eizagirre, Jose Esnaola, Alaitz Olaizola... eta beste hainbat. Zaletasun batek erakarrita ibili dira lanean azken urteotan, isil-isilik, barru-barruan sentitzen duten afizio baten indarrak bultzatuta: antzerkia.
Horrelako jendea gehiago estimatu beharko genuke. Antzerkiak maitasun berezi bat sortzen die, betetasun bat nabari dezakete euren barruan. Eta hori lortzeko sakrifizio handiak egiteko prest daude. Lanetik berandu atera eta, afaldu ondoren, bi edo hiru ordu entseguetan pasatzen dituzte. Nekeak eta beste betebehar batzuk ondoan utzita. Askotan, familiakoekin pasatu behar duten denbora bazterrean utzita. Nork egiten ditu horrelako sakrifizioak gaur egungo gizarte 'aberats' eta 'aurreratu' honetan?
Antxieta taldeak lan ikusgarria egin zuen Azpeitian lehen urteetan antzerkia bultzatu eta herritarrei erakusteko. Lakrikun taldeak hartu du orain erreleboa. Antzerkian jardun dutenek beraiek zaila ikusten dute berpiztea, traba eta eragozpen gehiegi ikusten dute. Instituzioek ez dute behar hainbat laguntzen, antzerkiaren mundura gazteak erakartzea lan nekeza da eta ikusleak telebistaren tranpan erortzen gara gehienetan. Nahiago dugu etxeko sofa erosoan Brad Pitten pelikula bat ikusi Iñaki Bergarak gure etxeetatik pauso batzuetara hilabeteetan prestatu duen pertsonaia ezagutzera joan baino. Angelina Jolieren aurpegi ederrak gehiago erakartzen gaitu Pilar Aizpitarteren antzerki senak baino. Angelinak eta Bradek milioiak irabazten dituzte, Pilar eta Iñakiren helburuak beraien satisfazio pertsonala eta gure txalo zaparrada eta babesa dira. Gure beroa, gure maitasuna.
Errazegi ahazten ditugu horrelako gauzak. Horrelakoak gara.
Ez dakizkit Azpeitiaren historian antzerkiaren alde lan egin duzuen guztion izenak. Baina badakit asko zaretela. Antzerkiari zuen denbora, izerdi eta ilusioak eskaini dizkiezuen guztioi: eskerrak bene-benetan.