Joan den urtarrilaren 8an 300 bat pribilegiatuk Ruper Ordorikaren kontzertua entzuteko plazerra izan genuen Sanagustinen. Giro atsegina eta intimoa bizi izan genuen bertara gerturatu ginenok, Ruperren abesti lasai eta ederrekin nahastuta. Ez naiz Ruperren jarraitzaile sutsu horietakoa izan, baina noizean behin bere abestiak entzuteak on egiten dit, sosegua eta bakea ematen didate.
Kanta eder asko jo zituen eta horietako bati aipamen bat egin nahi nioke ondorengo lerroetan. Kontzertuan jo zuen lehen kanta izan zela uste dut, memoriak huts egiten ez badit. Martin Larralde abestiaz ari naiz.
Gogoan dut behin etxean entzun nuelarik Martin Larralde hau nor zen jakiteko gogoa sartu zitzaidala. Laster bilatu nuen bere aipamena interneten.
Martin Larralde Bordaxuri Hazparnen jaio zen 1782an, Plumaienea izeneko baserrian. Baserrian bertan lan egiten zuen eta bertsolari ere bihurtuko zen urteekin. Ama hil zenean, Martinek baserriaren zati bat eskatu zion bere aitari, eta liskar eta eztabaida batzuen ondoren bien arteko harremana asko gaiztotu zen. Handik denbora batera, aitak tiro bat jaso zuen larrean lanean zebilela. Jendarmeek Martin semea atxilotu eta Baionara eraman zuten. Aitaren hilketa eragotzita, Pauen auziperatu eta errudun zela erabaki zen. Rocheforteko kartzelan sartu ondoren, bertan hil zen sei urte geroago, 1821ean.
Erruduna ala errugabea zen Martin Larralde? Ez dago oso argi. Bereziki kartzelan eman zituen sei urte horietan idatzi zituen bertsoak irakurtzen baditugu. Samina eta gorrotoa antzeman daitezke beraietan. Injustizia sufritu duen gizaseme baten oihua. Hemen ezagunenetako bat, Mila zortziehun hamaborzgarrena:
Ene aita da gizon kontsideratua,
Semea galeretan du segurtatua
Nonahi otoitzean belaunikatua
Saindu iduri deabru madarikatua
...
Hok eman izan ditut ez xangrinatzeko
Ahaidek, adixkidek, kuraie hartzeko
Eta partikulazki, aita, zuretako,
Kantuok aditzean, semeaz oroitzeko
Eta horrela iritsi da Martin Larralderen oihartzuna gaur eguneraino, hil zela ia 200 urte bete diren arren. Joseba Sarrionandia poeta bizkaitarrak idatzi zuen gaur Ruperrek kantatzen duen abesti ederra:
"Martin Larralde honelako egun batez hil zen galeretan, begiak zabalik etzanda, agian zerua itsaso zikin bat dela esanez".
Eskerrak bide batez Ruperren kontzertu hau posible egin duten antolakuntzako denei.
Eta musu eta keinu bat asko estimatzen dudan eta bertan zegoen bati. Berak ulertuko duelakoan.