Pasqual Maragalli buruz egindako dokumental bikaina da izenburu honen azpian dagoena. Gomendagarria guztiz. 2007. urtean diagnostikatu zioten Maragalli Alzheimer gaixotasuna. Maragall, Bartzelonako alkatea eta Kataluniako Generalitateko presidentea izandakoa da, besteak beste.
Lehengo astezkenean, irailak 21, bota zuten dokumental bikain hau, La 2 katean. Ez nekien botatzekoak zirenik, eta hasiera ez nuen ikusi. Lehen 20 minutuak galdu nituen.
Esan bezala, dokumental bikaina da. Aurreko blog hauetako batean aipatu nuen askotan nola egoten garen argumentu eskas edo batere gabeko pelikulei begira. Urtearen aurrenetik azkenera, ez hanka eta ez buru ez duten filmei begira pasa ditzakegu orduak.
Utzi albo batera pelikula merkeak eta ikusi holako dokumentalak. Bi urtetan zehar Maragalli jarraituz eginda dago. Bertan, Maragallen emazteak hitz egiten du, baita bere seme-alabek ere. Gaixotasunean adituak diren mediku eta psikologoek beren iritzia ematen dute. Baina unerik onenak Maragall beraren inguruan gertatzen direnak dira.
Mediku batek, probako test baten antzera, hiru hitz gogoratu behar dituela esaten dio. Buruan hartu eta gogoratzeko. Bizikleta, koilarea eta sagarra dira hiru hitzak. Maragallek, erdi txantxetan, paper batean apuntatu ahal ditzaken galdetzen dio. Medikuak, ezetz noski. Kontua da, handik pare bat minutura medikuak galdetzen dionean, Maragall ez dela hiru hitzekin gogoratzen. Ezta bakar batekin ere. Momentu hunkigarria da bere sinpletasunean: horren kargu garrantzitsuak izan dituen gizon azkar bat dugu aurrean, gizon estudiatua, intelektual bat, hitz batean esateko. Eta gizon hori ez da hiru hitz arrunt gogoratzeko gauza.
Maragall berak ondotxo daki zer gertatzen ari zaion, eta holakoetan normala denez, ez du bere autonomía eta independentzia inolaz ere galdu nahi. Bere emazteak eta seme-alabek autoko giltzak ezkutatzen dizkiote, bakarrik autoa hartu eta zoritxarren bat gertatuko diren beldur baitira. Maragallek badaki zer gertatzen ari den, bere familiarren portaera normala dela ere bai, baina ezin du onartu eta haserretu egiten da.
Espainian seiehun eta zazpiehun mila artean kalkulatzen dira Alzheimer kasuak. Medikuen arabera zenbaki hauek bikoiztu egingo dira ondorengo hamabost urtean.
Dokumental bikaina da benetan; ahal baduzue, ikusi.