Igandean, Pasaiako portutik irten eta Zurriolako hondartzara igeri egin behar izan zuten Baleazaleen Zeharkaldian izena eman zuten igerilariek. Denboraldiko lehen itsas zeharkaldia izan zen igandekoa, eta gainera ibilbide luzea izan zen, 5.300 metrokoa.
Izarraitz igeri elkarteko lau igerilarik parte hartu zuten Baleazaleen Zeharkaldian: Rafa Zubeldiak, Xabier Aranburuk, Arantxa Unanuek eta Aitor Fernandezek. Federatu gabe dauden igerilari azpeitiarrak ere baziren San Pedro eta Donostia arteko proban.
Emaitza bikainak lortu zituzten Izarraizko igerilariek; esanguratsuena Rafa Zubeldiaren 17. postua izan zen. Hurrengo zeharkaldia Getariako II. San Anton Bira izango da, eta taldeko igerilariek eta federatu gabeko hainbat azpeitiarrek parte hartuko dute han.
Zorionak guztiei!