Joan zen larunbatean igerilekuko master txapelketa batean inoiz izan duen partaidetzarik handiena izan zuen Izarraitz igeri elkarteak. Gipuzkoako Igeriketa Federazioak eta Legazpiko igeriketa taldeak antolatuta, master mailako Gipuzkoako IV. Open Txapelketa izan zen Legazpin, eta klubeko hamar igerilari izan ziren han.
Aipatzekoa da, era batera edo bestera, igerilari denek zapaldu zutela podiuma. Banakako probetan, brontzezko dominak lortu zituzten Jone Garatek (50 bular), Leire Kerejetak (50 bizkar), Rafa Zubeldiak (50 tximeleta), Iban Perezek (50 bizkar) eta Julen Agirrezabalagak (100 estilos).
Erreleboetako 4x50 proban bi talde aritu ziren lehian. Julen Agirrezabalagak, Ander Beobidek, Asier Otaegik eta Rafa Zubeldiak osatutako taldeak lehen postuan amaitu zuen proba, eta Iban Perezek, Xabier Aizpuruk, Iban Arregik eta Ekain Garatek osatutako taldeak, aldiz, hirugarren egin zuen.
Aho zapore gozoarekin atera ziren kirolariak Legazpiko igerilekutik, eta egunerokoan entrenatzen jarraitzeko gogoarekin. Ea noiz izaten duten beren onena erakusteko aukera berriz ere.