Masterrak sariarekin itzuli dira VIII. Mikel Trueba Memorialetik

Izarraitz Igeri Elkarteko masterrek VIII. Mikel Trueba Memorialean parte hartu zuten atzo. Hirugarren sailkatu zen taldea.

Otsailaren 19a historiara pasatuko den egun bat izango da Izarraitz Igeri Elkarteko master sailarentzat. Arestian aipatzen genuen master lehiaketa batera joan ohi den igerilari gehien elkartuko zela asteburukoan eta azkenengo proban lehen aldiz parte hartuko zuela 8×50 libreko errelebo misto batek, lau emakumez eta lau gizonez osatutakoak. Ez dira esku hutsik itzuli Izarraitzeko kideak, eta klubeko oroigarrien bilduman sari bat gehitu dute.

Bizkaiko Igeriketa Federazioak emaitza ofizialak jakinarazi arte egun batzuetan itxaron beharko badugu ere, Izarraitz Igeri Elkarteak hirugarren postua eskuratu du VIII. Mikel Trueba Memorialean.

Orokorrean, igerilariek aurretik zituzten denborak hobetu edo berdindu dituzte, eta azpimarratzekoa izan da lau igerilarik debuta egin dutela master mailako 25 metroko igerileku bateko txapelketan.

 

Aurki talde teknikoak denboraldiko lehiaketen lehen zatiaren balantzea egingo du, baina aurreratu daiteke taldeak orokorrean aurrerapauso bat egin duela, bai entrenamenduetan, baita lehikaetetan ere.

Normaltasunaren barruan bizi ahal izateak laguntzen du, baina meritua igerilariek dute asteroko saioetan lortzen dutelako entrenatzaileak jarritako lana aurrera eramatera. Aurki iritsiko dira ur irekietako hitzorduak, eta horiei begira jarriko dira poliki-poliki.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide