Izarraitz igeri elkartearen master proiektuko igerilariek ekin diote ur irekietako denboraldiari. Hain zuzen ere, joan zen igandean MDK Swim Bermeo proban parte hartu zuten Leire Kerexetak, Ainhoa Olazabalek, Julen Agirrezabalagak, Martin Altunak, Xabier Aranburuk, Ander Beobidek, Arkaitz Elorzak, Jon Larrañagak eta Asier Otaegik.
Bermeo eta Mundaka artean 2.500 metroko itsas zeharkaldia egin zuten, neoprenodun modalitatean. Azpimarratzekoa izan zen Kerexeta eta Agirrezabalaga –laugarren sailkatu zen gizonetan– sailkapeneko lehen 35 igerilarien artean sartu izana.
Hurrengo zita ere ez dute makala master mailako igerilariek. Izan ere, Gipuzkoako Ur Irekietako Liga hasterako, Kantabriara joango dira Xabier Aranburu eta Julen Esteban. Horiek Izarraitz ordezkatuko dute Soplaoman datorren igandean egingo duten 10.000 metroko proban.