Langa altu jarrita jarraitzen dute ur irekietako denboraldian parte hartzen ari diren Izarraitz igeri elkarteko kideek. Atzo, igandez, XVII. Txingudi Badiako zeharkaldian parte hartu zuten Rafa Zubeldiak eta Julian Olanok. Zubeldia hirugarren izan zen gizonen sailkapenean, 2.600 metroak 28 minutu eta 15 segundotan eginda. Olano, berriz, hamabosgarren izan zen, helmugara iristeko 31 minutu eta 11 segundo behar izan baitzituen. Beren mailetan ere emaitza onak lortu zituzten bi igerilariek; izan ere, Zubeldia bigarren izan zen master+ mailan, eta Olano laugarren senior mailan.
Datorren astean ere hitzordu garrantzitsuak dituzte ur irekietan aritzen diren igerilariek. Zapatuan Zarautz-Mollarri-Zarautz igeriketa zeharkaldia izango da, eta igandean Getaria-Zarautz probaren 50. edizioa. Bi proba horietan parte hartuko dute Izarraitzeko kideek, baita taldeko kide ez diren beste hainbat azpeitiarrek ere.