Izarraitzeko igerilariek maila bikaina erakutsi dute Igerilari Osoa txapelketan

Izarraitzeko hainbat igerilari. (Izarraitz)

Kirolariak "gustura eta gogotsu" aritu ziren igandean Bergaran. Benjamin mailako Izarraitzeko hogei igerilarik parte hartu zuten lehian. Hainbat domina irabazi zituzten horiek.

Joan zen igandean Bergarako Agorrosin kiroldegian izan ziren Izarraitz taldeko hogei igerilari. Benjamin mailako Igerilari Osoa txapelketan parte hartu zuten horiek, eta hainbat sari ere irabazi zituzten.

Manex Garate, Julen Eizagirre, Martin Agirrezabalaga, Luken Agirrezabalaga, Guillermo de la Rosa, Intza Larrea, Nahia Aranaga, Leire Egiguren, Iraide Galdos, Itsaso Juaristi, Eihari Agirretxe, Elene Sagardogi, Nahikari Campos, Maria Sarasua, Ilazki Bikendi, Inge Cabue, Mara Garate, Izadi Etxezarreta, Nora Etxeberria eta Janis Altuna aritu ziren Izarraitz ordezkatze, eta orokorrean, denak "gustura eta gogotsu" ibili ziren, nahiz eta goizean urduritasuna nabarmendu zen.

Julen Eizagirrek, 2012. urteko mutilen sailkapenean, estilo denetan lortu zuen domina irabaztea, eta Igerilari Osoko podiumean lehen postua lortu zuen. Martin Agirrezabalagak, berriz, 2012. urteko mutilen txandako tximeleta, bizkar eta libre probetan domina bana irabazi zuen, eta Igerilari Osoko podiumean bigarren izan zen. Nesketan, aldiz, 4x50 metro estiloetako errelebo proban hirugarren egin zuten Inge Cabuek, Ilazki Bikendik, Nora Etxeberriak eta Mara Garatek.

Sailkapen orokorra kontuan hartuta, mutilen mailan hirugarren postua lortu zuten Izarraitzekoek, baita nesken mailan ere, eta sailkapen bateratuan, azpitxapeldun izan ziren eta podiumeko bigarren kajoira igo ziren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide