Asteburuan igeriketa festa izan dugu Azpeitian. Infantil, junior eta absolutu mailako Udako Gipuzkoako Txapelketak jokatu dira bertan eta Izarraitzeko igerilari kementsuak bikain aritu dira beste behin.
Podiumera igotzeko aukera izan dute burututako proba askotan, eta igo ez direnean ere oso gertu ibili dira. Gainera, Aroa Azkunek 200 metro bularrean eta Laia Elortzak 100 metro bularrean, infantil mailako Udako Espainiako Txapelketetan parte hartzeko gutxienekoa lortu dute. Bestalde, igerilari guztiek egindako lan bikainari esker, nesken taldekako sailkapenean bigarren postu ikaragarri bat eskuratu dute Izarraitzekoek. Bejondeizuela!
Kimuak ere bikain
Bestalde, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian kimuen Euskal Herriko Txapelketa jokatu zuten baita joan den asteburuan, eta guztira zazpi dominarekin itzuli ziren handik Izarraitzeko ordezkariak.
Lan bikaina egin zuten Izarraitzeko igerilari guztiek Iruñean. Maila onaren barruan, Malen Ezama nabarmendu zen larunbateko jardunaldian, hiru zilarrezko domina lortuta. Igandean, berriz, Maria Otaegik beste zilar bat kolkoratu zuen 100 metro bularrean. Eta erreleboetan, Libe Donato de Lopezek, Aroa Azkuek, Maria Otaegik eta Malen Ezamak osatutako taldea hiru aldiz igo zen podiumera, 4x100 libre, 4x200 libre eta 4x100 estiloak probetan.
Zorionak igerilariei eta entrenatzaileei.
Aupa zuek, eta gora Izarraitz!