Tolosako Usabal Kiroldegian alebin mailako Euskal Herriko igeriketa txapelketa jokatu dute asteburuan, eta han izan dira Izarraitzeko igerilariak. Larunbatean eta igandean, goizez eta arratsaldez jokatu diren lau jardunaldietan hainbat proba egin dituzte igerilariek, eta Izarraitzekoek beren marka pertsonalak hobetu dituzte, hamazazpi domina etxeratuta: sei urre, hiru zilar eta zortzi brontze.
Guztien lan bikainari esker, Izarraitzeko alebin taldeak Euskal Herriko bigarren talderik onenaren saria jaso du. Gainera, nesketan ere podiuma egin dute Izarraitzekoek, hirugarren postua lortuta.
Julen Eizagirrek, gainera, Espainiako Txapelketarako gutxienekoa lortu du igerilekura salto egin duen bakoitzean. Modu horretan, 50, 100, 200, 400 eta 800 libre, eta 100 tximeleta probetako gutxieneko denborak lortu ditu.