Joan zen asteburuan Nautiques de Tarbes txapelketaren 32. edizioan parte hartu zuten Izarraitz igeri elkarteko hainbat kidek. Tarbeseko (Frantzia) igerilekuan egindako txapelketa eskarmentua pilatzeko balio izan die Izarraitzeko igerilariei. Hain zuzen ere, hainbat herrialdetako 420 igerilari aritu ziren han lehian.
Izarraitzeko igerilariek oso txapelketa ona egin dute, eta emaitzei dagokienez ere, ikaragarri emankorra izan da hitzordua. Izan ere, beren markak hobetzeaz gain, klubeko errekorrak eta Espainiako Txapelketarako gutxieneko denborak lortu dituzte horiek. Hainbat finaletan parte hartu dute Azpeitiko igerilariek, eta horiek 11 domina lortu dituzte.
Inge Kabuek, esaterako, hirugarren postuan sailkatzea lortu zuen 50 metro bular eta 100 metro bular probetan. Janis Altunak ere hirugarren egin zuen 50 metro libre eta 100 metro bizkar probetan, eta garaile izan zen 100 metro libre proban. Julen Eizagirrek urrezko bi domina lortu zituen, 100 metro tximeleta eta 100 metro libre probetan, eta gainera, bi lehia horietan 13 urtekoen klubeko errekorra hautsi zuen. Halaber, 13 urtekoen Izarraitzeko errekorra hautsi zuen 50 metro tximeleta, 200 metro libre eta 400 metro libre probetan.
Bestalde, Luken Agirrezabalak zilarrezko dominak lortu zituen 100 metro eta 50 metro tximeleta probetan, eta Martin Agirrezabalak, berriz, urrezkoa 50 metro bizkar proban. Hori dela eta, Espainiako Txapelketarako txartela lortu du, eta halaber, 13 urtekoen klubeko errekorra ezarri ere bai. Gainera, 100 metro libre proban bigarren egin zuen, eta 13 urtekoen Izarraitzeko errekorrak erdietsi 100 metro bizkar, 200 metro bizkar eta 200 metro tximeleta probetan.
Lorpen horiez gain, beste bat ere egin dute Izarraitzekoek. Hain zuzen ere, kimu mailako igerilariek Espainiako Txapelketan aritzeko gutxieneko marka lortu zuten 4x100 metro estiloetako proba mistoan.