Marka ugari hautsita itzuli dira Izarraitz taldeko igerilariak Asturiasetik

Erabiltzailearen aurpegia Izarraitz igeri elkartea 2026ko urtarrilaren 27a

Xixongo txapelketan parte hartu zuen igerilari taldea. (Izarraitz igeri elkartea)

Izarraitz igeri elkarteko kirolariek hainbat marka lortu dituzte asteburuan Xixonen (Asturias) jokatu duten txapelketan. 

Pasa den ostegunetik igandera arte Xixonen jokatu duten Asturiaseko Txapelketan parte hartu dute Izarraitz igeri elkarteko Julen Eizagirre, Janis Altuna, Malen Ezama, Inge Kabue, Martin Agirrezabalaga, Uxue Etxeberria, Laia Elortza eta Oihana Otegi igerilariek, eta hainbat marka lortuta egin dute etxerako buelta.

Isaac Pousada entrenatzaileak lagunduta, igerilariak 50 metroko igerilekuan lehiatu ziren, esperientzia pilatzeko helburuarekin, eta marka pertsonalak, klubeko errekorrak nahiz Espainiako txapelketetarako gutxieneko denborak egitea lortu dute askok.

Honakoak izan dira Izarraitz taldekoen lorpenak:

  • Malen Ezama
    • 50 metro tximeleta estiloan: 29"88eko denbora, Espainiako txapelketarako gutxienekoa eta klubeko 15 urtekoen errekorra.
  • Martin Agirrezabalaga 
    • 50 metro bizkar estiloan: 31"25eko denbora, Espainiako txapelketarako gutxienekoa eta klubeko 14 urtekoen errekorra.
    • 50 metro bular estiloan: 34"35eko denbora, Espainiako txapelketarako gutxienekoa.
    • 200 metro lau estiloetan: 2'27"31ko denbora, klubeko 14 urtekoen errekorra.
  • Julen Eizagirre
    • 50 metro estilo librean: 26"41eko denbora, klubeko 14 urtekoen errekorra.
    • 100 metro estilo librean: 57"38ko denbora, klubeko 14 urtekoen errekorra.
    • 200 metro estilo librean: 2'03"83ko denbora, klubeko 14 urtekoen errekorra.
    • 400 metro estilo librean: 4'26"65eko denbora, klubeko 14 urtekoen errekorra.
    • 50 metro tximeleta estiloan: 27"77ko denbora, klubeko 14 urtekoen errekorra. Espainiako txapelketarako gutxienekoak ere bereganatuak zituen lehendik proba guztietan.

Alebinen Teknifikazio Sarian ere bikain

Bestalde, atzo, Gipuzkoako Alebinen Teknifikazio Saria jokatu zuten Azpeitiko Udal Igerilekuan. Lurraldeko alebin mailako igerilaririk hoberenak elkartzen dituen txapelketan, ordezkaritza oparoa izan zuen Izarraitz igeri elkarteak. Taldeko igerilariak bikain lehiatu ziren uretan, egunez egun ikasten ari direla erakutsiz harmailetan bildu zen jendetzaren aurrean.

Azken urteetan ohikoa den bezala, Izarraitz elkarteak hartu zituen bere gain antolakuntza lanak. Aurten, gainera, Gipuzkoako Igeriketa Federazioaren LED pantaila erraldoi berria erabiltzeko aukera izan zuten ikusleek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide