Izarraitz igeri elkarteko kimu mailako hamar igerilarik Galdakaon (Bizkaia) jokatutako Euskal Herriko Txapelketan parte hartu zuten joan zen asteburuan. Asteburu borobila izan zen Azpeitiko taldeko kideentzat; izan ere, gutxieneko markak zituzten igerilariek txapela kentzeko moduko lehia osatu zuten.
Marka pertsonal ugari ez ezik, taldeko errekorrak ere lortu zituzten, baita Espainiako Txapelketan lehiatzeko gutxieneko denborak ere. Orotara, bost urrezko, bost zilarrezko eta lau brontzeko domina lortu zituzten. Sara Etxeberriak, esaterako, lau urrezko domina irabazi zituen, lehiatu zen lau probetan denbora onena eginda: 200 metro estiloetan nahiz 200 metro, 400 metro eta 800 metro libre probetan. Azken horretan klubeko 12 urtez azpikoen errekorra egin zuen Etxeberriak.
Amaia Sarasuak ere urrezko domina bat eskuratu zuen; hark 50 metro bizkarrez lehian. Halaber, zilarrezko dominak eskuratu zituen 100 metro eta 200 metro bizkar probetan. Zilarrezko dominak lortu zituen, bestalde, Lur Elortzak ere: 200 metro bular, 50 metro tximeleta –klubeko 13 urtekoen errekorra egin zuen– eta 100 metro bular probetan lortu zuen podiumeko bigarren postura igotzea. Gainera, Espainiako Txapelketan aritu ahal izango du, 200 metro bular eta 50 metro tximeleta probetan. Brontzezko domina bat ere lortu zuen hark, 100 metro libre proban.
Horiez gain, Nora Aranagak eta Maddi Albizurik ere brontzeko dominak irabazi zituzten. Aranagak bi eskuratu zituen, 100 metro bizkar eta 200 metro bizkar probetan egindako lana tarteko. Albizurik, berriz, podiumeko hirugarren postura igotzea lortu zuen 50 metro libre proban egindako denboragatik.