Izarraitz igeriketa elkarteko juniorrek eta absolutuek Udako Gipuzkoako Txapelketak jokatu zituzten asteburuan, Bergaran. Emaitza onak lortu zituzten herriko igerilariek, dominez gain, marka pertsonal ugari erdietsi zituzten-eta haiek. Dominak lortu zituzten Laia Elortzak, Oihana Otaegik, Aroa Azkunek eta Uxue Etxeberriak. Taldekako probetan ere podiumera igo ziren Izarraitzeko igerilariak.
Juniorren mailan, Elortzak urrea eskuratu zuen 200 eta 100 metro bular probetan, eta brontzea, 50 metro bularrekoan. Hain justu, Otaegik lortu zuen azken proba horretan urrea, eta domina horri 400 metro libreko proban eskuratutako brontzea gehitu zion hark. Bi igerilari horiek absolutuen mailako dominak ere jantzi zituzten. Azkunek, bestalde, lau estilotako 100 metrokoan brontzea lortu zuen, eta zilarra estilo horretako 200 metrokoan; absolutuen mailan, gainera, brontzezko domina jaso zuen Azkunek 200 metroko proban.
Absolutuen mailan, Etxeberriak jaso zituen dominak; guztira, zilarrezko hiru lortu zituen hark: lau estilotako 100 metrokoan, eta 50 nahiz 100 metro bizkarrekoan. Maila horretan, erreleboka ere eskuratu zituen dominak Izarraitzek; urrea lortu zuen 4x200 metro libreko proban, eta zilarra, 4x100 metro librekoan. Emakumeen sailkapenean, gainera, hirugarren sailkatu ziren Izarraitzekoak.
