Euskal Herriko Txapelketan hainbat domina eskuratu dituzte Izarraitz igeri elkarteko kideek. Joan zen asteburuan jokatu zuten lehia, Gasteizko Mendizorrotza igerilekuan, eta Azpeitiko igerilariak urrezko domina batekin, zilarrezko lau dominarekin eta brontzeko hiru dominarekin itzuli ziren Arabako hiriburutik.
Oihana Otaegik bi zilarrezko domina irabazi zituen; bat, 50 metro bularrez proban, eta bestea, 100 metro bularrez proban. Klubeko 17 urtekoen errekorra egitea ere lortu zuen azpeitiarrak, 50 metro proba 35.01 segundotan eginda. Laia Elorzak, berriz, urrezko domina eskuratu zuen 200 metro bular proban, eta absolutuetan podiumeko hirugarren koskara igo zen proba horretan egindako lana tarteko.
Bestalde, Aroa Azkunek 200 metro estiloetako proban bigarren egin zuen, eta 800 metro libren, berriz, brontzezko domina lortu zuen. Horrez gain, Uxue Etxeberriak zilarrezko domina lortu zuen 400 metro libre lehian, eta brontzezkoa 100 metro bularren.