Uztailaren 9tik 12ra Cadizen jokatu diren kimuen mailako Espainiako Txapelketatik etxera itzuli berri dira Sara Etxeberria, Amaia Sarasua eta Lur Elortza Izarraitz igeriketa elkarteko kideak. Oso txapelketa ona izan da Izarraitzentzat, hiru igerilariek lortu baitute finalera sailkatzea.
Lur Elortzak (Azpeitia, 2013) 02.57,19 denbora egin eta Izarraitz taldeko 13 urtekoen errekorra ezarrita lortu zuen 200 metro bular estiloko finalera sailkatzea. Finalean, 02.57,20 denboran osatu zuen lana, eta hala, seigarren sailkatu zen. Nolanahi ere, proba gehiagotan parte hartu zuen hark: 50 metro bular estiloan ere klubeko 13 urteko errekorra ezarri zuen Elortzak (00.37,88) eta hemeretzigarren sailkatu zen; 50 tximeletako proban ere klubeko 13 urteko errekorra zuen (00.32,03), eta 27. postuan sailkatu zen; 100 metro bular estiloan hamahirugarrena izan zen (01.21,74); eta 200 metro libre estiloan 28. sailkatu zen (02.21,46).
Sarasuak eta Etxeberriak (Azpeitia, 2014) ere emaitza onak eskuratu zituzten. Sarasuak 50 metro bizkar estiloan parte hartu zuen, eta klubeko 12 urtekoen marka ezarri zuen 00.34,57 denbora eginda. Hala lortu zuen finalera sailkatzea, eta finalean hamargarrena izan zen (00.34,87). Etxeberriak, berriz, 400 metro libre eta 800 metro libre estiloetan parte hartu zuen, eta klubeko 12 urtekoen errekorrak egin zituen hark. Lehen proban, hamargarren sailkatu zen (05.05,80), eta bigarrenean, hamabigarren (10.31,20).
Emaitzetatik haratago, esperientzia berriak bizitzeko eta ikasteko balio izan die txapelketak hiru igerilariei. Gainera, elkarbizitzan beste taldeetako igerilariekin batera lagun berriak egiteko aukera ere izan dute.
