Uste baino eguraldi hobearekin, 87 lagunek egin dute Azpeitia-Bilboko hirugarren etapa

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2018ko mar. 19a, 11:11

Joan den zapatuan, martxoaren 17an, egin zuten Lagun Onak MBk antolatutako Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoaren hirugarren etapa, Lekeitiotik Elantxobera artekoa. Orotara, 87 lagunek egin zuten 21 kilometro inguruko ibilbidea, iragarrita zegoen eguraldia baino hobearekin. 

Txangora animatu zirenek 08:00etan hartu zuten autobusa Azpeititik Lekeitiora. Han hasi ziren ibilaldiarekin. Otoio mendia (395 metro) igo zuten aurrenik; horiek izan ziren ibilaldi osoko maldarik gogorrenak. Otoiotik jaitsi eta Ispasterreko plazan hamaiketakoa egin zuten parte-hartzaileek. Ondoren, Bedarona auzoraka hartu zuten, segidan Eara iristeko. Etaparen zati horretan eguraldi makurra izan zen, baina ez zuen zaparrada handirik bota. Eatik Natxitua auzora joan ziren oinez, eta han hartu zuten sabelak betetzeko tartea. Eliza ondoko aterpean bazkaldu zuten parte-hartzaileek, kanpoan euri zaparrada ari zen bitartean.

Bazkalostean Elexalderantz hartu zuten, ateri zela aprobetxatuta. Ibilaldia amaitzeko, Elantxobera joan ziren egitasmoan parte hartu zuten lagunak. Handik Elexaldera itzuli ziren, bertan baitzegoen zain itzulerako autobusa. Azpeitira 17:45 aldera iritsi ziren hirugarren etapa egin zuten herritarrak. 

Joan zen urtarrilean jarri zuen martxan Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoa Lagun Onak mendi bazkunak. Guztira, zortzi etapa antolatu dituzte, denak 20-25 kilometro artekoak dira, eta GR eta PR izeneko ibilbideetan zehar egingo dituzte. Dagoeneko hiru ibilaldi osatu dituzte: Azpeitia eta Deba artekoa (1.etapa); Debatik Lekeitiora artekoa (2.etapa) eta Lekeitiotik Elantxobera artekoa (3. etapa).

Honako hauek dira Azpeitia-Bilbo 2018 egitasko hurrengo etapak:

4- Elantxobe-Bermeo. 23 kilometro. Apirilaren 14an, zapatua.

5- Bermeo-Bakio. 18 kilometro. Maiatzaren 12an, zapatua.

6- Bakio-Plentzia. 23 kilometro. Ekainaren 16an, zapatua.

7- Plentzia-Getxo. 22 kilometro. Irailaren 15ean, zapatua.

8- Getxo-Bilbo. 17 kilometro. Urriaren 20an, zapatua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide