Azken urteetan egin dugun bezala, mendian amaitu eta hasi dugu urtea. Bi irteera bikain egin ditugu azken egunetan, eta Urtezahar egunean, Aizkorrin izan ginen 23 lagun. 07:00etan irten ginen herritik eta Otzaurtera joan ginen. Handik, San Adrian zeharkatuz iritsi ginen Aizkorriko tontorrera. Lau laguneko talde bat, berriz, gailurrera joan gabe Oltzako txaboletatik barrena Urbira pasa zen. Eguraldi bikaina lagun, jende asko ta asko zegoen Aizkorriko tontorrean, xanpain edota turroia dastatu eta Urbira joan ginen. Han geldialditxo bat egin eta Arantzazura iritsi ostean, goiz pasa ederra eginda 15:00ak ingururako Azpeitian ginen. Hemen ikus daitezke irteerako argazkiak: https://flic.kr/s/aHskLx2w3B.
Urteberri egunean, berriz, Erlora igo ginen. Goizean, eguraldiak hainbat zalantza sortu zizkigun, baina azkenean, 09:00etan plazatik atera eta Xoxoterako ohiko igoera hasi genuen Azketaraino. Hain justu, eguraldia aldatu zitzaigun han, eta laino artetik eguzkitara igaro ginen, eta tenperaturak ere gora egin zuen pixka bat. Erloko tontorrean, berriz, izugarrizko giroa izan genuen, jendeari nahiz eguraldiari dagokienez. Gainera, argazkigintza gustatzen zaionak aukera ederra izan zuen argazki pila bat ateratzeko. 11:00etan, euskal presoan aldeko argazkia atera zen, eta gero, bakoitzak bere erara jaisteari ekin zion, Azketan berriz laino artean sartzeak pena handia ematen bazuen ere. Erlora egindako irteeraren argazkiak, hemen: https://flic.kr/s/aHsmyrMSKB.
Honako hauek dira bi irteeretan ateratako argazkietako batzuk: