Ardoaren eta Arrainaren ibilbideko lehen etapa, gauzatuta

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2019ko urt. 27a, 13:47

08:00etarako jarri zuen Lagun Onak mendi bazkunak hitzordua anbulatorioaren aurrean, 2019rako taldeak antolatutako egitasmo nagusiaren lehen etapa egiteko. Bermeo eta Oion lotzen dituen GR-38 ibilbideko lehen etapa egin genuen atzo, Ardoaren eta Arrainaren ibilbidea hasi genuen. Aste guztian eguraldi oso txarra egin ostean, jendea eguraldiari begira zegoen atzokoan, baina hala ere, 66 laguneko taldea animatu zen Bermeo eta Gernika arteko zatia egitera. Gainera, Hazparnetik ere hiru lagun etorri ziren lehen etapa gauzatzera –Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 1986tik–.

Bermeora autobusez joan ginen, eta 09:45ak aldean hasi ginen ibiltzen. Poza nabari zen parte-hartzaileen artean, eguraldi ona zegoelako. Dena den, ibilbidean zenbat lokatza aurkituko genuen zain geunden. Bermeo atzean utzi eta Gernikara bidean, 20,5 kilometroko ibilbidea egin genuen Busturialdean. Lehen zatia errepidez gauzatu genuen, baserri bide batzuen artean. 11:00ak aldean iritsi ginen Larrazabale eraikinera. Han geldialdi txiki bat egin genuen, eta hamaiketakoa ere bai. Berriz martxan hasi eta Altamira auzora gerturaty ginen, basoan sartu ginen. Igoera polit baten ondoren iritsi zen ibilbideko unerik gaiztoena: basoan lanean ari zirelako eta aste osoan egin zuen eguraldia egin zuelako, izugarrizko lokatzarekin egin genuen topo. Ahal genuen moduan egin genuen aurrera, eta Urberuagara jaitsi ginen.

San Kristobal ermitan bazkaldu genuen 14:15ak aldean, eta Gernikako herrigunera jaitsi ginen gero. Han hamabost minutu geldialdia eginda, azken argazkiak atera eta autobusera joan ginen. 16:00ak aldean abiatu ginen Azpeitira, eta 17:10ean herrian geunden. Lehen etapa bukatuta, otsailean egingo dugu bigarrena.

Hona hemen, atzoko irudi batzuk (gehiago, honako lotura honetan):

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide