Goizeko 7:30ean, anbulatorio aurrean 86 laguneko taldea osatu genuen, GR-38 Ardoaren eta Arrainaren ibilbideko bigarren etapa egiteko.
Iragarrita bezala, eguraldi bikaina genuen aurretik. Azpeitian 6-7 gradu zeuden, eta Gernikara iristean tenperatura baxuagoa eta bazterretan izotza zegoen.
8:45ean inguruan ekin genion oinez egiteari, eta metro batzuk igotzen ari ginen heinean, tenperaturak ere gora egin zuen. Elejalde-Mendeta auzora bidean igo genituen aurreneko maldak. Ibilbidean lokatzik ez genuen falta, baina ibilbidea erosoa zen momentuz.
Mendetan egin genuen lehenengo geldialdia, 10:00ak inguruan, indarrak berreskuratzeko. Ibilbidean aurrera egin genuenean, eta Gernika eta Urdaibai inguruak atzean utzita Albiz auzoan sartu ginen. Auzoa pasatu eta Oiz magalean izan genuen eguneko igoerarik nagusiena. Bakoitzak ahal zuen erritmora igo zuen aldapa, eta ahal izan zuenak hango parajeaz ere gozatu zuen. Mauma auzora jaitsi ginen handik, eta han egin genuen eguneko geldialdi nagusia, 13:15eak inguruan. Orduerdiko geldialdia bazkaltzeko aprobetxatu genuen.
Berriro ibiltzeari ekin genion: 10 kilometro inguru gelditzen zitzaizkigun etapa amaitzeko, eta bide zatirik handiena aldapa behera genuen. Egun guztian bezala, eguraldi oso ona genuen, eta Durangaldea aurrez aurre genuela Garai eta Goiuria ingurutik behera jaitsi ginen. 16:00etan iritsi ginen Iurretara.
Sasoiko zegoen jendea, uste baino zertxobait lehenago amaitu baigenuen etapa. 16:30 aldean ekin genion herrira itzultzeari autobusean.
Bigarrena ere burututa, martxoko etaparen zain gaude. Martxoaren 16 ean egingo dugu Iurretatik Otxandiora arteko etapa polita.
Lotura honetan ikus daiteke atzoko etaparen argazki galeria osoa.