178 lagunek parte hartu dute Lagun Onak MBk antolatutako ibilaldi neurtuan

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2019ko eka. 10a, 15:12

Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta, ibilaldi neurtua egin zuten hainbat lagunek atzo, igandea. Guztira, 178 lagunek parte hartu zuten martxan, eta mendizaleek bi ibilbide izan zituzten aukeran: motza eta luzea. Luzeak 26 kilometro ditu, eta honako leku hauetatik igaro ziren parte-hartzaileak: Azpeitia-Erlo-Zamaleku-Attola-Endoia-Ondarbaso-Azpeitia. Bide motza, berriz, hamasei kilometrokoa da, eta Azpeitia-Erlo-Zamaleku-Ordarbaso-Azpeitia ibilbidea osatu zuten partaideek. Azpeitiko plazan hasi eta amaitu ziren bi ibilbideak.

Eguerdirako amaitu zuten ibilaldia partaideek, eta ondoren, sabelak betetzeko aukera izan zuten guztiek. Hain zuzen ere, paella, sagardoa nahiz pintxoak dastatu ahal izan zituzten Azoka Plazan, eta opariak ere banatu zizkieten Lagun Onak elkartekoek. Gainera, plastikorik gabeko astearen harira, edalontzi berrerabilgarri bana banatu zieten parte-hartzaile guztiei, eta hori baliatu behar izan zuten mendizaleek anoa postuetan zerbait edan nahi bazuten. Helburua zabor gutxiago sortzea dela nabarmendu zuten antolatzaileek.

Lagun Onak MBk azaldu duenez, "oso gustura" daude atzoko eguna "primeran" joan zelako. Dena den, elkarteko ordezkariek salatu dute Zamalekun jarri zituzten zintak norbaitek kendu eta postean lotuta utzi zituela (irudietan ikus daiteke).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide