93 laguneko taldeak egin genuen atzo, zapatua, GR-38 Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideko seigarren etapa. 08:00etan autobusa hartu eta Estibalitzera abiatu ginen. Ia 24 kilometro genituen aurretik, eta 09:15 inguruan ekin genion ibiltzeari.
Villafranca de Argandoña eta Andollura atzean utzi eta Gasteizko mendietako basoan sartu ginen. Baso ederra pasa eta gero, 11:30 inguruan egin genuen eguneko lehen geldialdia, indarrak berreskuratzeko asmoz. Berriro ibiltzeari ekin genion, eta berehala ginen Okinan. Eguraldi bikaina genuen, oskarbi zegoen eta tenperatura egokia zegoen ibiltzeko. Okina auzoa atzean utzi eta izen bereko Haitzarte aldera jo genuen. Errekatxoa, ur jauziak... Ibili oso erosoa eta polita zen. Berehala sartu ginen Trebiñuko lurretan, eta Haitzartea atzean utzi eta Saseta auzora jo genuen. Han egin genuen eguneko geldialdi nagusia, eta bazkaltzeko baliatu genuen atsedenaldia. Gero, berriro ibiltzeari eki, eta GR-38ko errei zuri gorriei segika Pariza auzora iritsi ginen. Eguneko ibilia bukatzeko hiru kilometro geratzen ziren, distantzia horretara baitzegoen Albaina.
16:00ak inguruan talde osoa Albainan ginen, ibilaldi zoragarria burutu eta gero. Autobusak bertan genituen zain, eta 16:30 ingurura arte auzoa ezagutzeko edota tragoren bat hartzeko aukera izan genuen. Behin ordua iritsi zenean, autobusean herrirako bidea hartu genuen, eta 18:10 aldean Azpeitian ginen.
GR-38 Ardoaren eta Arraianren Ibilbideko zazpigarren etapa irailean egingo dugu, Albaina eta Guardia artean.
Lotura honetan ikus daitezke seigarren etapako argazki guztiak.