103 lagunek osatu dute Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideko zazpigarren etapa

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2019ko ira. 23a, 12:30

Lagun Onak Mendi Bazkunako kideek Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideko zazpigarren etapa egin zuten joan den larunbatean. 07:30ean 103 lagun elkartu ziren etapari ekiteko. Autobusez Albainara (Gaztela eta Leon, Espainia) joan ziren, eta bertan hasi zuten ibilbidea. Eguraldia ez zegoen oskarbi, baina ibiltzeko oso egokia zen. Albainatik Lañoruntz (Gaztela eta Leon, Espainia) joan ziren; eta azken leku horretara iritsi aurretik, Gobeak bisitatu zituzten. VII. mendean bizitokiak izan ziren, eta ondoren, zentro erlijioso eta hilerri bihurtu ziren.

Laño atzean utzi eta Lagran (Araba) aldera jarraitu zuten segidan, basoan zehar. 11:00 inguruan, hamabost minutuko tartea hartu zuten, hamaiketakoa egiteko. 12:00 inguruan iritsi ziren Lagranera, eta GR-38 Ibilbidearen interpretazio zentroa bertan dagoela aprobetxatuz, hamabost minituko geldialdia egin zuten.

Ondoren, berriro ibiltzeari ekin zioten, eta eguneko malda gogorrenak gainditu behar izan zituzten; hain zuzen ere, Toloñoko mendilerroa (Araba) gurutzatzu zuten, Paso del Toron. Partaide bakoitzak bere erritmoa jarraitu zuen, eta guztiak iritsi ziren lepora 14:00 inguruan. Aurrez partaide batzuek Cruz del Castilloko tontorra egiteko aukera ere izan zuten. Bertan bazkaldu zuten denek, eta ibilia amaitzeko, zazpi kilometro inguru gelditzen zitzaizkien.
Azken partea maldan behera egin zuten, aurrez aurre Biasteri (Araba) eta inguruko herriak zituztela. Bidean mahasti batzuk ere ikusi zituzten.

16:00etan amaitu zuten etapa, 24 kilometro eginda, eta Biasteri ezagutzeko aukera izan zuten partaideek, 17:00 iritsi bitartean. 19:00etarako Azpeitian ziren mendizaleak, egun polita igarota. Dagoeneko urrian 19an egingo duten azken etaparen zain daude Lagun Onak MBko kideak.

Hemen ikus daiteke argazki galaeria osoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide