40 MLK lasterketaren ibilbidearen bigarren zatia, otsailaren 12an

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2022ko ots. 1a, 18:07

Otsailaren 12rako jarri dute Domusa Teknik-40 MLK lasterketako ibilbidearen bigarren zatia egiteko hitzordua, eta dagoeneko eman daiteke izena Lagun Onak MBren webgunean. 

Urtarrilean "erdizka" utzitakoari helduko dio Lagun Onak Mendi Bazkunak otsailean. Izan ere, otsailaren 12an, larunbatez, Domusa Teknik-40 MLK lasterketako ibilbidearen bigarren zatia egiteko aukera izango da.

Anbulatorioaren aurrean jarri dute hitzordua, 08:00etarako, eta handik autobusez joango dira Mandubiara. Handik oinez joango dira Azpeitira, aurretik Izazpitik, Samiñotik eta Xoxotetik barrena. Orotara, 30 kilometroko eta 1.700 metroko maldadun ibilbidea izango da.

Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean eman daiteke txangorako izena, eta otsailaren 10a izango da horretarako azken eguna. Elkarteko bazkideek bost euro ordaindu beharko dute, eta zortzi euro, bazkide ez direnek.

Duela pare bat aste egin zuen Lagun Onak MBk ibilbidearen lehen zatia, eta 50 lagunetik gora animatu zen lasterketaren bidea ezagutzera. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide