Domusa Teknik 40 MLK probaren ibilbidea, oraingoan lasterka

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2022ko ots. 25a, 08:48

Jone Urkizu lasterkaria.

Bi etapatan egingo dute ibilbidea: martxoaren 19an aurrena eta apirilaren 2an bigarrena. 40 MLK probarako prestatzeko balioko du egitasmoak.

Orain gutxi egindako bi irteeren arrakasta ikusita, beste bi antolatzea erabaki du Lagun Onak Mendi Bazkunak. Oraingoan, baina, lasterka egingo dugu Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren ibilbidea, bi zatitan, maiatzeko probarako entrenamendu gisa.
 
Martxoaren 19an, larunbatez, ibilbidearen erdia egingo da: Azpeitiatik Mandubira arteko bidea lasterka, Arauntza, Sañu, Gazume, Hernio eta Murumendi mendien gailurrak zapalduz. 20. kilometroan, gutxi gorabehera, anoa postu bat izango da, edariarekin eta janariarekin. Hala ere, komenigarria izango da norberak bidean beharko dituen jan-edanak gainean eramatea. Ibilbidearen bigarren zatia, berriz, apirilaren 2an egingo dugu (mendi bazkunak aurrerago emango du bigarren etaparen berri).
 
Bi etapetan bina talde antolatuko dira, eta talde bakoitzak erritmo ezberdinean egingo du ibilbidea. Lagun Onakek zehaztuko ditu erritmoak, betiere lasterketa gehienez ere hamabi ordu eta erdian amaitu ahal izateko moduko erritmoa izan beharko duela kontuan hartuta.
 
Mandubitik Azpeitira itzulera autobusez egingo denez, aurrez izena eman beharko da Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean, eta bost euro ordaindu beharko da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide