75 Urte eguneko egitaraua prest du Lagun Onak Mendi Bazkunak

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2022ko api. 7a, 14:47

Arauntza mendira egingo dute goizean irteera.

Apirilaren 30ean egingo dute urtemugako ospakizuna, eta mendi irteera, bazkaria, umeentzako jolasak eta abar izango dira egun osoan zehar. Bazkarirako txartelak salgai daude Lagun Onaken tabernan eta Elikagunean.

Lagun Onak Mendi Bazkunak dagoeneko prest du apirilaren 30ean ospatuko duen 75 Urte egunerako egitaraua. Izan zirelako gara, garelako izango dira lelopean egingo dute urtemugako festa, iaz pandemia tarteko ospatu ezin izan zutena.

Lagun Onakeko kideek 1946an igo zuten mendi berera irteera eginez hasiko dute eguna. Hain zuzen ere, 09:00etan plazatik irtenda, Arauntzara igoko dira mendizaleak. Hara iristean, 10:30 aldean, falta diren elkarteko kideei lore eskaintza egingo diete gailurrean, eta ondoren, 13:00etan, haien oroimenezko meza izango da Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.

14:15ean, Azoka Plazan taldeko argazkia aterako dute bazkunaren historian batzordeko kide izan diren kide guztieek. Segidan, bazkaria egingo dute han bertan, eta dagoeneko otordurako sarrerak salgai daude Lagun Onaken tabernan nahiz Elikagunean. Bazkalostea bertsolariek eta trikitilariek girotuko dute, eta arratsaldean (15:30etik aurrera) haurrentzako puzgarriak eta jolasak izango dira plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide