Igandean eskualde mailako ekitaldia izango da Azpeitian; hain zuzen ere, Eskolarteko Mendi Lehiaketaren ibilaldi neurtua egingo dute herrian. Gipuzkoako Mendizale Federazioak antolatu du ekintza, Lagun Onak Mendi Bazkunaren laguntzarekin. Bi ibilbide proposatu dizkiete ikasleei, eta biak Arauntza gailurraren inguruetatik igaroko dira: 6,3 kilometrokoa izango da ibilbide motza, eta 10,5 kilometrokoa luzea. Azpeitiko ikuspegi ederrenetarikoaz gozatzeko aukera izango dute horietan parte hartuko duten ikasleek. 08:30-09:00 artean abiatuko da ekintza Azpeitiko plazatik, eta ehunka umek parte hartuko dute ibilaldian. Gipuzkoako ikastetxeetako ikasle guztiek izango dute Eskolarteko Mendi Lehiaketan parte hartzeko aukera.